Tubacexeko langileek elkarretaratzea egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, erakundeen babesa eskatzeko

2021/04/16
Atzo Aiaran hasitako Tubacexeko langileen oinezko martxa gaur goizean iritsi da Gasteizera, eta bertan beste langileen babesa eta elkartasuna jaso du. Gero, langileek elkarretaratzea egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, euren lanpostuak defendatzeko eta erakundeei babesa eskatzeko. Hain zuzen ere, gaur goizean Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak EH-Bilduk Tubacexen etorkizunari buruz egindako galdera bati erantzungo dio.

Tubacexeko enpresa batzordeak Laudioko eta Amurrioko lantegietan aurreikusitako kaleratzeak erabat gaitzesten dituela berretsi du, eta aurreratu du grebak aurrera jarraituko duela, zuzendaritzaren jarrera gorabehera: "Langileei banan-banan dei egiten ari baitzaie lanera itzul daitezen". "Grebaren amaiera enpresaren esku dago, eta, ondoren, mahaian dauden kaleratze guztiak kendu behar ditu".