Gasteizko hiri autobus zerbitzua
Tuvisa hiri autobusen enpresa zigortu dute grebarako oinarrizko eskubidea urratzeagatik

Gasteizko Lan Arloko 2 zenbakiko Epaitegiak 60.000 euroko kalte ordaina ematera zigortu du Tuvisa, Gasteizko hiri autobus garraioko udal enpresa, 2021ean Euskal Herriko Zerbitzu Publikoen greban parte hartzeagatik egun hori benetako lan gisa zenbatu ez zitzaien langileei, egun hori berreskuratzera edo ordu saldotik kentzera behartuz.
Tuvisako langile askok egin zuten greba. Enpresak lanaldiaren zenbatekoa deskontatu zien, baina lanegun hori berreskuratu behar zutela ziurtatu zuen.
ELAren zerbitzu juridikoak demanda jarri zuen arrazoi horregatik, eta epaitegiak arrazoia eman dio, Tuvisak grebarako oinarrizko eskubidea urratu duela adieraziz. Orain, enpresak itzuli egin behar ditu greba egin zuen langileei lan eginarazi dizkien ordu horiek, eta 60.000 euro ordaindu behar dizkie 427 langile horiei kalte ordain gisa.