HIRI GARRAIOA

Tuvisako lanuzteen lehen egunean % 100eko jarraipena lortu du

2023/12/11
Gasteizko hiri-garraioaren gutxieneko zerbitzuak bakarrik aritu dira; lau orduko lanuzteak (abenduaren 18an) eta egun osoko grebak (hilaren 19an eta 21ean) deituta daude

Gaur, Tuvisako (Gasteizko autobusen garraio publikoa) mobilizazioen lehen egunean, enpresa-batzordeak (ELA 3, UGT 3, CCOO 2, USO 2, ESK 2, LAB 1) deitutako lau orduko lanuzteak % 100eko jarraipena izan du. Goizeko 5etatik 9ak arte, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzutzat ezarritako autobusak baino ez dira aritu, gainerako langileen % 100ek lanuztearekin bat egin baitute.
400 lagun inguruk lan egiten dute Tuvisan, eta batzarrak baiezko botoen % 95 baino gehiagorekin bat egin zuen mobilizazio-fase horrekin, enpleguaren suntsiketa eta pribatizazioa geldiarazteko, eta hitzarmen kolektiboa benetan negoziatzeko.
Gaur hasi da mobilizazioen dinamika, eta jarraipena izango du hurrengo egunetan: abenduaren 18an, 4 orduko lanuztea (5etik 9ra); eta abenduaren 19an eta 21ean, egun osoko greba izango da.
Enpresa batzordeak eskerrak eman nahi dizkie langile guztiei hartutako konpromisoagatik, eta azpimarratu du gaur erakutsitako babesa batasunaren eta laguntzaren seinale dela. Gainera, eskerrak eman nahi dizkie Gasteizko herritarrei, lanuzteen arrazoiak ulertzeagatik.
Enpresa batzordeak Tuvisako zuzendaritzari eta Gasteizko Udalari dei egin die, gatazka honekin amaitzeko giltza bere esku baitago.
Bien bitartean, Tuvisako langileek mobilizatzen jarraituko dute, eta datozen egunetako manifestazioetan, lanuzteetan eta grebetan parte hartzeko deia egin diete langile guztiei.