Udal zerbitzu publikoen etengabeko narriadura salatu du ELAk

2010/05/12
Izan ere, azken urteotan zerbitzu publiko guztiak, oro har, eta udal-zerbitzuak, zehazkiago, gero eta okerrago daude. Udalek eta horien menpeko erakundeek zuzenean egiten dituzten kontratazioetan azpikontratazioa eta prekariotasuna nabarmen ugaritu dela salatu du.

Zerbitzu publikoen egoera behin aztertu eta gero, bi alderdi hartuko ditugu kontuan ELAk bere txostenean:

     1.      Udalek eta horien menpeko erakundeek zuzenean egiten dituzten kontratazioen legezkotasun-eza eta prekariotasuna.

2.      Azpikontratazioaren ugaltze nabarmena. Udal-administraziotik beste administrazio paralelo bat sortu da, soldatak dezente merkatzeko, nahiz eta herritarrei zerbitzu kaskarragoa eskaini.

1) ZUZENEKO KONTRATAZIOAREN NARRIADURA

.- EAEko udalak gehiegi baliatzen dira aldi baterako kontratazioaz, zeren eskuratu ditugun datuen arabera, Toki Administrazioan (udalak, toki-erakundeak) diharduten langileen %40ek, gutxi gorabehera, kontratu prekarioa dute, eta %30ek iruzurrezko kontratua (legez kontrakoa), eta horrek "finko" bihurtzea dakar.

.- Langileen Estatutuaren arabera, udalek aldi baterako bi kontratazio-mota egin ditzakete.

  1. “Obra- edo zerbitzu-kontratua”.
  2. “Ekoizpen-gorabeherengatiko behin-behineko kontratua”.

 

Iraupen jakineko kontratuak: Langileen Estatutua (8.2, 15.1, eta 49.1c) art.) eta 2720/1998 E.D. aintzat harturik, hurrengo honetarako egin daitezke “iraupen jakineko kontratuak”:

a)       Obra edo zerbitzu jakin bat egiteko.

1.       Obra edo zerbitzu jakin bat egiteko helburuz egiten da, enpresaren jardueraren barruan autonomia eta aparteko izaera du, eta iraupen ezezagunekoa da.

2.       a) Kontratuaren helburu den obra edo zerbitzua zehazki azaldu eta bereizi behar da. Kontratu idatzia izan behar da (L.E. 8.2 art. eta E.D. 6 art. eta 2.2)

b) Kontratuak iraungo du obra edo zerbitzua burutzeko behar den bezainbeste.

b)       Ekoizpenaren gorabeherak betetzea.

1.       Enpresaren ohiko jardueraren barruan, merkatuaren sasoian sasoiko eskariak asetzeko, zeregin-pilaketa arintzeko, edo eskari-soberakina bideratzeko egiten da kontratu hori.

2.       a) Kontratuan arrazoia edo zertzeladak azaldu behar dira zehazki, eta baita iraupena ere.

b) Gehienezko iraupena 6 hilabetekoa izango da, 12 hilabeteko aldiaren barruan.

c) Kontratuaren arrazoia hasten den unetik hasiko da zenbatzen aldia.

 

.- Horrelako kontratuak bata bestearen ondoan egiten badira, eta L.E.an ezarritako mugak errespetatzen ez badira, lege-iruzurrean egindako kontratuak izango dira berez.

 

Kontratu-kateamenduaren legezko muga: L.E. (15.5 art., 15. Xed.Geh.) eta 43/2006 Legea (2. Xed. Irag.) indarrean sartu zirenetik (2006/06/15) aldi baterako kontratuak finko bihurtzen dira, baldin eta kontratuduna 30 hilabeteko aldian 24 hilabetetik gora kontratatua izan bada <lanpostu berean, enpresa berean, eta kontratu-kopurua bi baino gehiago izan bada> Agindu horren eragina herri-administrazio eta haien erakunde autonomoetara hedatzen da <funtzio publikoan sartzeko gorde behar den Konstituzioaren “berdintasun, merezimendu eta gaitasun" printzipioaren kaltetan joan gabe>. Hori horrela, langile horien kontratuak "mugagabeak eta ez-finkoak" izango dira.

.- Orain dela hainbat urte, eta jasotako datuak adibide, herri-administrazioek, udalak ere barne, erabaki politiko bat hartu zuten, enplegu publikoaren lan-baldintzak narriatzeko. Onartezina da udaletako kontratuen %40tik gora aldi baterakoak izatea, eta kudeaketa txarraren ondorioz kontratuak lege-iruzurrean eginak izatea (legez kontrakoak).

 

2) AZPIKONTRATAK / ADMINISTRAZIO PARALELOA

.- EAEko 31 udalik adierazgarrienak aztertu ondoren, agerian geratu da udal-administrazioek azpikontratazioaren bidez benetako administrazio paralelo bat sortu dutela. Itzalpeko administrazio horretan lansariak eta lan-baldintzak okerragoak dira, funts publikoen zati bat bitartekari pribatuen eskuetan galtzen baita.

.- Herri-administrazioen eginkizunetan diharduten langileen erdiak enpresa azpikontratatuetakoak dira. Hona hemen adibideak:

ü      Bilboko Udala, langileak: 2300 eta 2451 azpikontratatuak.

ü      Tolosako Udala, langileak: 160 eta 243 azpikontratatuak.

ü      Gasteizko Udala, langileak: 2841 eta 1832 azpikontratatuak.

ü      Barakaldoko Udala, langileak: 678 eta 840 azpikontratatuak.

ü      Getxoko Udala, langileak: 505 eta 513 azpikontratatuak.

ü      Eibarko Udala, langileak: 189 eta 143 azpikontratatuak.

ü      Durangoko Udala, langileak: 219 eta 117 azpikontratatuak.

.- Politika neoliberalak sendo errotu dira udaletan, agintean dagoen alderdia zein den berdin diola. Hori dela-eta, “udal-administrazioak zerbitzuz hustu, eta enpresa pribatuek berenganatu dituzte”, baina herritarrei ematen zaien zerbitzua kalitate txarragokoa da. Herritarrei ematen zaien zerbitzua txarragoa izateaz gain, azpikontratazioaren bidez ez da dirurik aurrezten, langileen lan-baldintzen prekarizaziotik aurrezten den dirua bitartekarien eskuetara baitoa, hortxe baitago negozioaren tartea. Horregatik langileek grebak egin behar dituzte, beren lan-baldintzak hobetze aldera.

Adibide ugari ditugu: Amorebieta-Etxanoko Udaleko garbitzaileen greba (iaz lortu zuten homologazioa); Errenteriako Egoitzako garbitzaileena. Orain hiru gatazka gehiago ditugu, helburu beraren bila: Amorebietako Nafarroa Eguneko Zentrokoa, Donostiako Aldakonea Egoitzakoa, eta Gasteizko Ariznabarra Egoitzakoa.

3.- LEGEZ KONTRAKO LANGILE-LAGAPENA Bermeoko Egoitzan

.- Testuinguru horretan egin dira “legez kontrako langile-lagapenak”. Udal-esparruetan hain gaizki egiten dira gauzak, ezen BERMEOKO EGOITZAkoa bezalako kasuak baitaude.

.- Udal Patronatuko 15 langileekin batera 17 langile azpikontratatuk lan egiten dute Patronatuaren ardurapeko Egoitzan. Azpikontrataturiko 17 langile horiei 250.000 eurotik gora ordaindu beharko die Udalak, soldata-diferentziengatik, Bizkaiko Egoitzen Hitzarmenaren pean baitzeuden. Gainera, Udal Patronatuak berak ordaindu beharko die zuzenean, epaileak legez kontrako langile-lagapena egin dela ebatzi baitu.

.- Kasu horretan, langile azpikontratatuek plantillako langile finkoek egin ohi dituzten ataza berdinak egiten zituzten, baina soldatetan %30 gutxiagoren trukean.

 

ONDORIOA:

.- Datu horiek aditzera eman digute udal-esparruetako enplegua gero eta okerrago dagoela. Labur esanda, bi galbide daude:

  1. Iruzurrezko kontratazioa, ohiko jardueran zuzenean aritzeko (behin-behineko langileak kontratatu, behin betiko jardueretan).
  2. Azpikontratazioa ugaltzea. Hori dela-eta, administrazio paralelo bat sortu da, baina lan-baldintza okerragoekin.

.- Udal-arduradunek ezin diote uko egin dagokien erantzukizunari, beren erabaki politikoa baita. Eurek erabaki dute administrazio-mota hori sortzea, non langileen lan-baldintzak eta herritarrei emandako zerbitzua galduan ateratzen diren, eta enpresa pribatu jakin batzuen negozioa irabazian ateratzen den.