UTE ALUMBRADO PAMPLONA

Udala eta enpresa negoziazioa blokeatzen ari direla salatzeko ekintza egin dute

2023/06/15
Greban dauden langileek ekintza bat egin dute udaletxearen aurrean, “Iruña itzaltzen ari da” lelopean. ELAk judizialki salatu ditu Udalak ezarritako gutxieneko zerbitzuak. Enpresak, erabateko jarraipena izaten ari den grebaren eragina murrizteko baliatu du hau, langile batzuk lanera bueltatu araziz. Enpresaren jarrera Lan Ikuskaritzan hainbat aldiz salatu du sindikatuak.

UTE Alumbrado Pamplona enpresako langileak (hiriko argiteria publikoa mantentzeaz arduratzen dira) greban daude maiatzaren 26tik, erosahalmenari eustea edota kontziliazioa hobetzea bermatuko duen enpresa hitzarmen bat lortzeko.

Grebaren jarraipena erabatekoa izaten jarraitzen du, Iruñeko Udalak gutxieneko zerbitzuak ezarri dituen arren. ELAk judizialki salatu du Udalaren maniobra hau, enpresarekin batera grebaren eragina murrizteko egina. Enpresaren jarrera Lan Ikuskaritzan ere salatu du ELAk.

Langileek indarraldiko urte guztietan KPIren araberako soldata igoera bermatuko duen enpresa hitzarmena eskatzen dute, bai eta familia kontziliazioaren hobekuntzak ere. Baina enpresa eta Udala negoziazioan egon liteken edozein aurrerapen blokeatzen ari dira. Horregatik, langileek ekintza bat egin dute gaur Iruñeko Udalaren aurrean, "Iruñea itzaltzen ari da" lelopean.