Iruñeko lorazaintza zerbitzua

Udalak azpikontratatutako langileak mobilizatu egin dira euren hitzarmen propioa lortzeko

2025/11/28
Udalak azpikontratatutako langileak mobilizatu egin dira euren hitzarmen propioa lortzeko
ELA, LAB, UGT, CCOO eta Solidari sindikatuek Iruñeko Udalari negoziazio mahaia berehala osatzeko eskatu diote euren lan baldintzak hobetu ahal izateko. Gaur egun estatuko hitzarmena aplikatzen zaielako.

Iruñeko Udalak azpikontratatutako lorazaintza zerbitzuko langileek prekaritate jasanezina pairatzen dute. Estatuko lorazaintza hitzarmena aplikatzen zaie, miseriako baldintzak ezartzen dituena, eta hitzarmen propioa negoziatzea eskatzen dute, euren baldintzak hobetzeko, Nafarroako beste udalerri batzuetan egin den bezala.
Irailetik, ELA, LAB, UGT, CCOO eta Solidari sindikatuek bilerak izan dituzte bai Udalarekin bai enpresekin negoziazio mahaia osatzeko, baina orain arte ez da inolako aurrerapausorik egon.

Erantzun ezaren aurrean, azpikontratatutako langileak mobilizatu egin dira Iruñean, bost sindikatuek deitutako lehen kontzentrazio batean. Ohartarazi dute protestek jarraipena izango dutela, baldin eta berehala irekitzen ez bada hitzarmena negoziatzeko prozesua. Eskatzen dutena da soldata igoerak, lanaldi murrizketa, bajen osagarrien hobekuntzak eta errelebo kontratua izatea, besteak beste.