Aisilan XXI - Elgoibarko Herriko Antzokia

Udalak eta Herri Antzokia kudeatzen duen enpresak ez diete bilera eskaeri erantzuten langileek hilabete greba bete arren

2024/05/14
Patronalak uko egin dio iaz adostutako hitzarmena betetzeari, argudiatuta Udalak ez duela behar adina finantziazio jartzen. Langileek 2016tik dituzte soldatak izoztuta.

Apirilaren 11n hasi zuten greba Elgoibarko Herriko Antzokia kudeatzen duen Aisilan XXI enpresako sei langileek. Geroztik, hainbat bilera eskaera egin dizkiete Udalari zein enpresari, baina ez dute inolako berririk jaso.

2023. urtean, ELAk greba deitu zuen Elgoibarko Herri Antzokian, langileen prekaritatearekin amaitzeko. Izan ere, 2016tik dituzte soldatak izoztuta, eta bestelako hobekuntzen eta aitortzen alde atera ziren kalera. Haien eskaeren artean zeuden, batik bat, erosahalmena berreskuratzea, jaiegun eta gaueko plusak, antzinekotasuna aitortzea, gaixotasun bajen konplementazioa, partzialtasunarekin ahal beste bukatzeko konpromisoa eta langileen subrogazioa.

Grebaren ondorioz, Aisilan empresarekin akordioa lortu zuten langileek, eta 2024ko urtarrilaren lehen egunean sartu zen indarraldian. Enpresak, ordea, ziurtatu du ezin duela hitzarmena bete, eta Udalari egozten dio bete ahal izatearen ardura. Horren aurrean, ELA Udalarekin zein Aisilaekin bildu zen, eta egoera blokeatuta zegoela ikusita, greba deitu zuten langileek.

Hilabete pasata, langileek salatu dute Udalak eta enpresak ez dietela bilera eskaerei erantzuten. ELAk gogoratu nahi du Udala dela zerbitzu hori azpikontratatu duena, eta berea ere badela zerbitzua eta lan baldintzak bermatzearen ardura. Enpresari ere oroitarazi dio akordioa sinatu zuela iaz, eta beraz, bete beharrean dagoela. Bien bitartean, langileek grebari eutsiko diete.