Udalez udal negoziazio mahaiak zabaltzea kontratazioan ematen diren irregulartasunak aztertzeko eskatu du ELAk
Ia urtebetean ez dugu EUDELen berririk izan eta aste honetan, Udalhitz akordioaren negoziazio mahaia konbokatu du EUDELek datorren abenduaren 1erako. Gai ordenik gabe ta Batzorde Eragile berria eratu dela esanda iritsi zaigu deialdia.
Gogoratu behar dugu, 2015 urtearen amaieran eta ELAk behin eta berriz egindako eskariak medio, EUDELek konpromisoa hartu zuela EAEko udal administrazioko instituzio ezberdinetan dagoen egoeraren mapa bat egin eta aurkezteko (Udalhitz akordioaren betetzea, soldata, murrizketen egoera…). Ikerketa hau 2016ko lehen hilabetean aurkezteko konpromisoa hartu zuten… Gaur arte... Espero dugu abenduaren 1eko bileran konpromiso hau betetzea.
ELAk egin eta aurkeztutako txostenaren ondotik, non udal administrazioan enpleguaren egoera larria azaleratzen zen (3.400 lanpostu suntsitu dira azken urteetan eta behin behinekotasun tasa %35etik gorakoa da), Europatik etorri diren sententziek arrazoi eman digute eta mahai gainean jarri dute administrazio ezberdinek behin behineko kontratuekin egin duten erabilpen okerra.
ELAk, urriaren 11n EUDELen idatzi bat erregistratu zuen, non EUDELi eskatzen genion udaletxeetan negoziazio mahaiak zabaltzeko, udal bakoitzean enpleguaren egoera larria aztertu eta egoerari buelta emateko neurriak adosteko. Ezinbestekoa iruditzen zaigu instituzio bakoitzean enpleguaren mapa argiak egitea eta plan zehatzak jartzea honi buelta emateko. Ez dugu ez EUDELen, ezta ordezkatzen dituzten instituzioen erantzunik jaso.
ELAk bilera horretan exijituko du, udalez udal negoziazio mahaiak zabaltzea kontratazioan ematen diren irregulartasunekin bukatzeko helburuarekin, enplegu gehiago ez deusezteko eta behin behinekotasun tasaren gainean Udalhitz akordioarekin bete eta interinitatea %6ra mugatzeko.
ELAk berriz ere mahai gainean jarriko ditu mahai horretan negoziaziorako oinarriak:
- Balizko akordio bat betetzeko bermeak.
- Langileek hautaturiko gehiengo sindikalak errespetatzea.
- Sinaturiko azken Udalhitza (2008-2010) bere osotasunean betetzea.
ELAko udaletxeetako delegatuei dei egiten diegu, datorren abenduaren 1ean EUDEL parean izango dugun kontzentrazioan parte hartzeko. EUDELi exijituko diogu EAEko udal administrazioan enpleguan dagoen prekarietate egoerari buelta emateko neurriak hartu ditzala.