Udalhitzen lan hitzarmena negoziatzearen aldeko mobilizazioek darraite

2011/05/03
ELA eta LAB sindikatuetako dozenaka militantek itxialdi bat burutu dute maiatzaren 3an Eudelen Bilboko egoitza barruan bere lan baldintzen defentsan eta Ertzaintzak kanporatuak izan dira. Protesta hauen bitartez ELA eta LABek udaletako zerbitzuen eta langileen lan-baldintzen defentsan beste urrats bat eman dute.

ELA eta LAB sindikatuok 2011ko Udalhitzaren negoziaketari aurre egin genion bi helburu nagusirekin, hurbileko zerbitzu publikoak indartzeko asmoarekin krisi garai honetan behar gehien dutenek behar duten erantzuna izan dezaten eta horretarako langileentzako lan-baldintzak duinak lortzea.

Udaletako azken urteetako ibilbidea guztiz bestelakoa izan da, zerbitzuen pribatizazio prozesu batean erabat murgilduta egon dira (gaur egun enpresa pribatuetan udaletxeetan beste langile daude zerbitzu publikoak eskaintzen) zerbitzuen kalitatea erabat alboratuz eta langileen behin-behinekotasuna %30etik gorako egoera batera eraman dute honek zerbitzuen egonkortasunean eta langileen bizi baldintzetan duen eraginarekin.

Horri iazko ekainean modu orokortu batean udaletan emandako soldata eta zerbitzuen murrizketak gehitu behar dizkiogu negoziaketaren hasiera ulertzeko.

Negoziaketa horretan Eudel erabat itxirik agertu da aurretik aipatutako hiru puntu kritiko horiek konpontzera, ondorioz negoziaketa blokeatu eta ezinezko bihurtu du. Horrez gain, Eudelen izendatu dituen negoziatzaileak gaur egun Eudelekin berarekin negoziatutako Udalhitza aplikatzeari uko egin dioten udaletxeak izan dira, negoziaketa mahaia blokeatu eta negoziazio errealik ez burutzeko borondate argia erakutsiz.

Blokeo egoera honen ondorioz ELA eta LABek protesta ekitaldi ezberdinak egin ditugu Euskadiko Autonomi Erkidegoko udaletxe ezberdinen aurrean (Tolosa, Irun, Barakaldo...) eta gaurko egunean Eudelen egoitza aurrean kanpaldia egitea erabaki dugu.

Eudel eta honen babespean dauden udalek hautu bat egin dute egoera ekonomiko honetan murrizketak langileen gain ezartzeko eta krisi egoeran sartu gaituzten doikuntza politiketan sakontzeko. Udaletxeen elkarteak langabezia eta krisia erabiltzen ditu aitzakia moduan murrizketa politikak ezartzeko, baina euskal sindikatuon ustez langabe horiek dira bereziki zerbitzu publikoak indartu eta egonkortzeko beharra dutenak zerbitzu horiek kalitatez jasotzeko (dependentzia zerbitzuak, suhiltzaileak, kultur-eskaintzak, kaleko zainketa zerbitzuak...).

 

 

Honen aurrean udaletako %80tik gorako gehiengo sindikala dugun sindikatuok aurre egitea eta udaletxe bakoitzean mobilizazio prozesu ezberdinak irekitzea eta sektoreko lan hitzarmenaren alde borrokan jarraitzea erabaki dugu, ahal dugun esparru guztietan kalitatezko zerbitzu publiko batzuk emateko lan-baldintza duinak lortu arte.