Gasteizko Udaltzaingoa
Udaltzain buruaren izendapena baliogabetzea eskatu du epaileak kautelazko neurri gisa

Gasteizko Adminstrazioarekiko auzietarako lehen epaitegiak Gasteizko Udaltzainburuaren izendapena atzera bota zuen 2023an, ELAk ezarritako salaketa dela eta, emakume langile bat genero arrazoiengatik diskriminatzeagatik. Langileari zegozkion ordainsari guztiak jasotzera zigortu zuen epaileak, eta lanpostua hornitzeko prozesuan parte hartzeko eskubidea onartu. Aldi berean, epaiak zioen gobernu taldeak “agintea desbideratu” zuela izendapena egiterakoan. Bada, Udalak helegitea aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian. Oraindik epaiaren zain dago ELA, baina bitarte horretan, ELAk eta salatzeileak epaiaren behin-behinean aplika zedila eskatu zuten, eta epaileak kautelazko neurriak onartu ditu. Hori dela eta, epaileak behin-behinean baliogabetu du Gasteizko Udaltzaingoaren buruaren izendapena.
Azken urteetan, Gasteizko Udaleko udaltzainburuaren lanpostua barne prozesuan zerbitzu eginkizunetan bete izan da, meritu lehiaketaren bidez lanpostuen zerrendaren arabera. Horrela, Gasteizko udaltzainek, karrera profesionala kontuan hartuta, esperientzia eta meritu bidez, aginte postuetan gora egin dute, Gasteizko udaltzaingoan hainbat lanpostuetan aritu ondoren.
2022. urtean, baina, Gasteizko udalak aldebakarrez lanpostuen zerrenda aldatu, eta ezarri zuen udaltzainburuaren izendapena aske bezala. ELAk aldebakarreko aldaketa honen aurka helegitea jarri zuen. Orduan, Udalak prozedurarik egin gabe eta gardentasunik gabe, beste udaltzain bat izendatu zuen udaltzainburu.
Aurreko sistema jarraitu balitz, azpikomisarioa zen emakume batek bakarrik beteko lituzke udaltzainburu izateko baldintzak. Udalaren formula berri honekin, emakumeak baino kategoria txikiagoa zuen gizon bat izendatu zuen. Gainera, lanpostu hori betetzeko udalak egindako aldaketa ontzat emango balitz ere, deialdi publiko bat egin behar zen, Udalak egin ez zuena. Aitzitik, lanpostua aldebakarrez esleitu zen. Udaltzaingoaren emakume azpikomisarioak ezin izan zuen prozesuan parte hartu ere egin. Horregatik, ELAko Zerbitzu Juridikoek epaitegietara jo eta epaiak botere gehiegikeria ebatzi zuen.
ELArentzat oso larria da Gasteizko Udalak egindakoa. Udaltzaingoa bezain maskulinizatua dagoen instituzio baten baitan, izendapen libre eta erregularizatu gabekoak emakumeen kalterako izan ohi dira, kasu honetan argi geratu den moduan.