Udaltzainen EPE eta lan poltsak udal bakoitzean egin behar dira herritarren eta langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko

2023/01/25
Udalek hizkuntza eskakizuna ezarri arren, perfilik gabeko udaltzainak aritu ahalko dira lanean udal horietan.

ELArentzat deitoragarria da Jaurlaritzak helegitea ez aurkeztu izana EAEko udaltzainen lan poltsarako B2 hizkuntza eskakizuna derrigortzea ukatzen duen epaiari.

ELAren ustez, Eusko jaurlaritzak nahiago du, herritarren eta langileen hizkuntza eskubideak bermatu baino, zerrendetan udaltzain gehiago izan udalen eskariari erantzuteko. Erabaki horrekin, ordea, egoera betikotu egingo da, ELAk behin eta berriz salatu duen legez. Izan ere, zenbait udaletan euskara perfila ezarrita izan arren, behin-behinean izango diren udaltzainek ez dute zertan perfil hori bete.

ELAk salatu nahi du egoera horren erantzule direla Eusko Jaurlaritza zein udalak. Udalek EPE eta lan poltsa bateratuaren aldeko hautua egiten duten heinean, aipatutako egoera onartzen baitute.

ELAren ustez, udalen esku dago egoera hori saihestea eta herritarren eta langileen hizkuntza eskubideak bermatzea. Udalek EPE eta lan poltsa propioa eginez gero hizkuntza eskakizuna ezarriz, bermatuko dira hizkuntza eskubideak.

Bestetik, ELAk Eusko jaurlaritzari eskaera bat luzatu nahi dio: polizia legea aldatu dezala, eta legeak derrigortu dezala udaltzain eta ertzain izateko B2 hizkuntza eskakizuna izatea. Era berean, erakundeek euskaraz ez dakiten hautagaiei ere euskaraz ikasteko aukera eskaini behar diete, etorkizunean euskaraz lan egin eta euskarazko zerbitzua egoki eskaintzeko.