OSAKIDETZA
Udan, berriro murrizketak Lehen Arretan egiturazko arazoei aurre egiteko neurri bakar gisa

Mahai Sektorialeko gaurko bileran, Osakidetzak berriro proposatu du murrizketak aplikatzea udan Lehen Arretan. Ohikoa denez, Osasun Sailak zentroak ixtea eta ordutegiak murriztea proposatu du. Aurten, gainera, murrizketek gora egin dute eta denbora tarte zabalagoa hartzen dute, eta iaz baino osasun zentro eta EAG gehiagori eragiten diete. EAGak ekipo osoarekin irekiko direnik ez bermatzeaz gainera, oraingo honetan Osakidetzak ez du bermatzen ere osasun zentroak ekipo osoarekin irekiko direnik, beraz, berriro ere fakultatiborik gabeko zentroak izango ditugula aurreikusten da, eta murrizketa horretan sakondu eta estruktural bihurtzen da. EAGtan gainera, Osakidetzak aurreikusten du 1.000 lan txanda inguru bete gabe daudela momentu honetan udarako sasoirako.
Hauteskunde kanpainan zehar, hainbat hitzaldi entzun ziren Osakidetzarentzat irtenbideak proposatzen, eta, zehazkiago, Lehen Arretarentzat. Hala ere, gaur ohiko neurriak planteatu dira berriro ere: zentroak ixtea, ordutegiak murriztea, EAGak fakultatiborik gabe irekitzea, eta absentziak eta oporrak ez ordezkatzea. Horrek lan karga handia dakar lanean ari diren langileentzat. Argi dago Lehen Arretako egiturazko arazo larriei aurre egiteko planik ez dagoela.
Osasun Sailak dio ez dagoela murrizketarik, eta udan aplikatu beharreko neurri horiek langileen atsedena bermatzeko beharrezkoa den berrantolaketaren ondorio direla. Errealitate bakarra da murrizketen aurrean gaudela, Osakidetzak justifikatu nahi dituenak langileak eta haien eskubideak erabiliz. Neurri horiek erabaki politikoen ondorio zuzena dira, eta ez dute, inola ere, Lehen Arretaren gabeziei aurre egiteko planik planteatzen. Langileak gehiegi kargatzen eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua murrizten jarraitzea beste planik ez dago.
ELAk hamarkadak daramatza medikuen belaunaldi erreleboari ekiteko plangintza falta salatzen. Era berean, hamarkadak daramatza lanpostu hutsak betetzeko eta Lehen Arretako plantilla handitzeko neurriak hartzeko eskatzen. Osakidetzak, Lehen Arreta erakargarri egiteko eta plantillaren lan baldintza eskasak hobetzea bermatzeko neurriak hartu beharrean, betiko neurriak mantentzen ditu: ordutegiak murriztea eta zentroak ixtea, murrizketa horiek gero eta handiagoak direlarik.
Langile eskasiaren atzean lan baldintza eskasak daude, eta Osasun Sailak ez du horri heltzeko borondaterik. ELAk salatu du ez dagoela negoziatzeko benetako borondaterik. Osakidetzak dagoeneko hartutako erabakia ekarri du Mahai Sektorialera, eta benetakoa ez den balizko negoziazio bat planteatu du. Izan ere, hurrengo oporraldietan planteamenduak berdinak izan ez daitezen benetako neurriak negoziatzeari uko egiten dio: plantillak egonkortu behar dira, lan gainkarga sistematikoa arindu behar da, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeari ekin behar zaio, baimenei eta lizentziei buruz hitz egin behar da eta abar luze bat.
ELAk benetako neurri zehatzak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritza berriari Osakidetzaren egiturazko gabeziei aurre egiteko.