UGT, CCOO eta CEN erreskatatzeko egin den proposamen lotsagarriaren aurrean, ELAk adierazi dio Parlamentuari aurka egitea dela aukera bakarra

2014/10/08
Arazoa ez da sindikatu batzuk bazterrean utzi izana: ELAk ez du parte hartu nahi langileriarentzako iruzur horretan. ELAk ohartarazi die Nafarroako Parlamentuko talde politikoei UGT eta CCOO sindikatuentzat eta CEN patronalarentzat proposatu den diru-erreskate lotsagarria oso larria dela.

Foru-lege hori onesteko bozketan, bere burua demokratikoa duen alderdi politiko batek ez du beste aukerarik aurka bozkatzea baino. Beste edozein jokabidek diru publikoa eurrez xahutzea ekarriko luke, eta dena foru-kasta nabarmen baten finantzaketa blindatzeko asmoz. UGT, CCOO eta jakina CEN burdin gori bati heltzeko prest daude, oraingo honetan Barcinaren gobernuari, elkargo horietako arduradunek herri-ogasunaren kontura bizitzen jarraitu dezaten. ELAk gogoratzen du elkarrizketa soziala erabat gaiztotu dela Nafarroan, eta finantzabide bihurtu dela erregimenaren inguruko antolakundeentzat, garai batean ezkutuan egiten zena, gaur egun denon agerian egiten da.

Demokrazia berroneratzeko, gardentasuna handiagotzeko eta diru publikoa hobeto kudeatzeko herriak deiadarka eskatzen duen bitartean, UGTk, CCOOek eta CENek aurrekontu publikoen kontura xurgatu nahi dituzte beren ordezkaritza-gastuak. Argudio hori bera erabiliz UGTk eta CCOOek zuritu izan dute beren sarrera estatu osoko ustelkeria-guneetako erabakitze-organoetan: Caja Navarra, Bankia...

Gainera, PSNk horrelako lege bat proposatzea, hainbat herritarri iraintzea da, osasunaren, hezkuntzaren, menpekotasunaren eta abarren murrizketen eragina pairatu behar duten herritarrei, hain zuzen. Alde batetik, gai sozialetarako funtsik ez dagoela diote; eta bestetik, UGTri, CCOOi eta CENi finantzabideak blindatu nahi dizkiete, urteko KPIren bermea eta guzti. Hori jendeari iseka egitea da, eta gainera sentiberatasun sozialaren falta amorragarria.

ELAk azpimarratu nahi du ekimen hori premia-bidez izapidetu dutela (diru-erreskatearen xedea zenbait antolakunderen porrota saihestea omen da), eta parlamentuan eztabaida-aldirik izan gabe. Trikimailu horren bidez jendaurreko lotsa gaiztoa baztertu nahi dute.

Berriz ere gogoratu behar dugu arazoa ez dela sindikatu batzuk bazter utzi izana: ELAk ez du nahi, ezta behar ere, langileriaren aurkako iruzur izugarri horretan parte hartu. Eredu sindikala da giltzarria: gure ereduaren oinarrian gure afiliazioa eta diru-baliabideak daude; UGTren eta CCOOen ereduaren oinarrian garaian garaiko gobernuaren diru-laguntzak. Langileriaren alde benetan aritzeko, ezinbestekoak dira autonomia politikoa eta ekonomikoa, zailtasun guztien gainetik, baina zintzotasunez eta gardentasunez.