UGT, CCOO eta patronalak 485.168 euro jaso dituzte Lan Osasunerako Nafar Institutukotik

2011/07/29
Lan Osasunerako Nafar Institutuko Kontseiluaren bilera izan da uztailaren 29an. Bilerak puntu bakarra izan du, hain zuzen UGT, CCOO eta patronalak lan arriskuen prebentziorako egin duten diru eskaera. 2011an 485.168 euro banatuko dira hiru eragile hauen artean.

ELAk eta LABek bilera horretan salatu dute lan arriskuen prebentziorako funtsak UGT, CCOO eta patronala finantziatzeko erabiltzen direla Nafarroan, langileen lan osasun eta segurtasuna albo batetara utzita.

Kontseilu honetan diru funts horien erabilerari buruzko informazioa ematen da soilik, baina aurkeztutako ekintza planak betearazteko ez da ezartzen inolako kontrolik. ELAren eta LABen iritziz hori eskandalu hutsa da, eta gainera bilera hauek daukaten dinamikaren ondorioz, bi sindikatuok baztertu egiten dituzte erabakiak hartzerako orduan.

Gainera, ELAk eta LABek bileran adierazi duten bezala, lan arriskuen prebentziorako funtsen banaketak Madrilen erabakitako eredua betearazten du, besterik gabe. Eredu honek porrot egin du, azken urteetan prebentzio arloan milioika euro banatu arren langileen lan osasun eta segurtasunean ez baita inolako onurarik izan.

Horregatik guztiagatik ELAk eta LABek lan osasun arloan eredu aldaketa bat eskatu dute gaurko bileran. Eredu berri horretan zera aldarrikatzen dugu:

  • Nafarroan kokatutako Lan Istripu eta Gaixotasunen Mutualitateek sortutako funtsen soberakinak Nafarroan bertan gera daitezela, Nafar Institutoaren Kontseiluak berak banatu ahal izateko.
  • Irizpide honetan oinarritzen ez den diru banaketarik ez onartzeko, ezta Estatuan erabakitako ereduak baldintzatutako dirurik ere.