UGT eta CCOOk bake soziala eman diote irabazien errekor guztiak lortzen eta prekarietatea zabaltzen ari den patronalari

2007/12/19
Zazpigarren urtez jarraian CC.OO eta UGT sindikatuek Estatu mailako akordioa sinatu dute Espainiako patronalarekin negoziazio kolektiboaren inguruan. Sindikatu hauek "soldaten-moderazioa" deitzen diote erosteko ahalmenaren galerari, enpresarien irabaziek marka guztiak hausten ari diren honetan.

ELAren esanetan, 2008. urteko negoziazio kolektiborako ezarritako parametroen arabera, akordio hori erabat alferrikakoa da prekarietatearen arazoari irtenbide bat emateko; akordioak soilik balio du patronalak egun duen pribilegio posizioa sendotzeko.

Joseba Villarreal, negoziazio kolektiborako arduradunaren ustez, horrelako akordioekin sindikatu hauek uko egiten diote negoziazio kolektiboaren bidez prekarietateak sortutako arazoei irtenbide eta konponbide bat bilatzeari. Aldarrikapenerako tartea lortutako akordioek jasotzen dutena baino askoz ere handiagoa da.

”Datu ofizialek argi eta garbi uzten duten zer gertatzen ari den soldatekin eta enpresarien irabaziekin. Hala ere, agerikoa da horrelako akordioak sinatzen dituztenei ezer gutxi inporta zaizkiela horrelako datuak. Lotsagarria da onartzea prekarietatearen erruz soldatak inflazioaren azpitik igotzen ari direla, erosteko almena galduz, eta era berean uko egitea sindikalismoak egoera horri iraultzeko duen tresna nagusiari, negoziazio kolektiboari”.

Era berean, Villarrealentzat ezin da oharkabean geratu Estatu mailako negoziazio esparruen alde egin den apustua. Izan ere, begi-bistakoa da patronalak egun ahultasun sindikal nabarmeneko esparru horiek erabiltzen dituela gero eta okerragoak diren lan baldintzak ezartzeko, eta langileen beharrei gertuago dauden beste negoziazio esparru batzuk zabaltzeko. Azken finean, akordioa eredu sindikal burokratiko baten emaitza da, jendearen parte hartzea mespretxatzen duena eta mobilizazioari uko egiten diona.

Inflazioak nabarmenki gora egin duen unean soldaten moderazioaren alde agertzeak, Espainiako gobernuaren politika babestea dakar. Ekonomi alorrean inoiz gertatu den arautze ezari hesirik ez jartzeak Estatuan indarrean diren monopolio eta espekulazio politika ekonomikoari babesa eskaintzea suposatuko luke eta, inflazio alorrean Europako Batasunarekiko dugun aldea handitzea.

Joseba Villarrealek gogora ekarri du, inflazioak langileen poltsikoetan eragina zuzena duela eta “inflazioaren gorakadaren zatirik handiena ugazaben eta kapitalen irabazietatik eta bere portaera espekulatibotik datorrela ”.

Negoziazio kolektiboaren arduradunak oso irakurketa negatiboa egiten du akordio honen inguruan, eta akordioak Hego Euskal Herrian eragina izateari aurre egingo dio. “Agerikoa da prekarietateari mugak jarri eta aberastasunen banaketa justuago baten alde borrokatzen dugunontzat horrelako akordioak ez direla inolako erreferenterik gure ereduan”.