UGT-k berriro eskatu die epaileei ELAren ordezkari izaera kentzeko

2002/07/04
ELA Nafarroan desagertuko balitz onartuko luke

UGTk ELAri sindikatu ordezkari izaera ukatzea eskatzen duen helegitearen berri eman dio Epaitegi Goreneko Hirugarren aretoak euskal sindikatuari. (2002ko ekainaren 25ean).

Gogoratu beharra dago UGTk Auzitegi Nazionalean helegitea sartu zuela Lanbide Heziketako Kontseilu Nagusian ELAko ordezkari bat izendatzearen aurka (1997ko uztailaren 7an); helegitean izendapena bertan behera uztea eta ELAren ordezkari izaera ukatzea eskatzen zuen sindikatu hark, eta ondorioz Kontseilu Nagusi horretan ELAk kiderik izateko eskubiderik ez zuela erabakitzea. Antzeko beste izendapen batzuetan ere UGTk eta CC OOek helegiteak sartu izan dituzte.

Auzitegi Nazionalaren epaiak UGTren eskaria ukatu egin zuen. Alabaina, sindikatu honek Epaitegi Gorenera jo du, berriro ELAri ordezkari izaera kentzeko eskaera aipatuz, eta ondorioz “herri-administrazioen aurrean ordezkaritza instituzionala” izateko eskubiderik ez duela esanez.

Gauza bitxi bat: UGTk ELAren ordezkari izaera onartuko omen luke “ELA-STVk bere jarduna present dagoeneko bi erkidegoetatik batera mugatuko balu”. Hots, EAEn edo Nafarroan desegingo balitz.

ELAren iritziz, oraindik era honetako helegiteekin jarraitzeak argi adierazten du bultzatzen dituztenek ez dutela onartzen sindikatu espainolen atal huts izaterik onartzen ez duen sindikalismo burujabea. Halaber, honelako helegiteek nabarmen uzten dute egoera jakin batzutan batasun sindikalerako egiten diren deialdien taxurik eza eta oportunismoa.

Azkenik, ez du ez hanka, ez bururik EAEn 1999ko Enpleguaren aldeko Akordioaz gero elkarrizketa sozialik ez dela izan deitoratzea, Euskadiko UGTren idazkari nagusiak egin duen moduan, bere sindikatuaren asmoa gauzatuko balitz, hots, epaitegiak ELA sindikatu ordezkari ez dela erabakiko balu, EAEn lanbidearteko akordioak negoziatzeko aukerarik ez bailegoke.