UGT-k berriro eskatu die epaileei ELAren ordezkari izaera kentzeko

2003/03/04

Egunkariak hamahiru urteotan egin duena herri eraikuntza izan da, zinez. Esan daiteke Egunkariak eta, oro har, euskal kultura sareak egin duena herri eraikuntzari egin zaion ekarpenik garrantzitsuena izan dela ziurrenik, euskaltzale eta abertzale guztiok eskertu beharreko ekarpena. Izan ere, proiektuari sendotasuna eta oinarriak ematen baitizkio.

Honek ez du esan nahi euskalgintza eta kulturgintza nazio-proiektuaren zerbitzutan jarri beharreko tresna huts direnik, berezko balioa baitute, baina ukaezina da herriari nor izaten laguntzen diotela, edo nor izateko lanean ari den herri baten adierazpena dela.

Martxoaren 13rako Egunkariaren alde deitutako eguna ederra izan zen, mobilizazio eta konpromisoz betea, une hunkigarriak eman zituena, La Casillako ekitaldiko hainbat une bezala. Aurretik otsailaren 22ko manifestazio erraldoian ikusi zen bezala, herri euskalduna haserre dago, asaldatuta, baina baita erantzun eta aurrera egiteko zeharo prest ere.

Eta horretarako uneko berotasuna epe luzerako proiektu bihurtu beharra dago. Izan ere, 13aren ondoren 14a dator, gero 15a, eta egunak joan ahala, berotasuna epeldu eta hozteko arriskua ere badago. Horregatik, hain zuzen, aipatu zituen Elorrietak La Casillan lana eta pazientzia. Orain arte ere Egunkaria eta beste hainbat proiektu garatzea lanak eta pazientziak egin baitute posible. Helburu garbiekin, estrategia zehatzekin, ahalik borondate gehienak metatuz eta eguneroko lanari esker ateratzen dira proiektu sendoak aurrera.

Eta bide horretan gure sindikatua, bere lekutik eta eginkizunetatik, bidaide eta lankide izan behar du martxan jarriko den Egunkari berriak. ELAko kideok, zioen Elorrietak, Egunkaritik gero eta hurbilago egon gara. Saia gaitezen ELAko kideok geure burua hemendik aurrera ere kazeta berriari gero eta hurbilago sentiarazten.