UGTk eta CCOOek ontzat eman dute lan-erreforma Nafarroan, eta berriro ekin diote gainbehera etorritako gizarte-elkarrizketari
Nafarroako patronalarekin hitzarturiko dokumentuaren bidez UGTk eta CCOOek langileak krisiaren errudun bihurtu dituzte, benetako krisi-eragileen maila berean jarriz, zeren hondamendiaren erantzukizunak barreiatu dituzte, arrazoi orokorrak aipatu ("ekoizpen-ereduaren ahulezia”), “denon ahaleginak” behar direlako tesi neoliberalak berenganatu, eta gainera, “lurralde eta erkidego gisa dugun etorkizuna” salbatzeko protagonismoa berentzat hartu.
Ez dago bermerik patronalak hitzarmenetan itundutakoa bete dezan behartzeko, bakarrik “alderdiei aholkatzen zaie baliabideak bilatzeko” iraungitako hitzarmenak berritzearren, baina Rajoyk indargabetu duen aurrera-eragina behin ere aipatu gabe. Eta, aldi berean, itunak aitortzen dio patronalari edozein enpresatan hitzarturikoa bete gabe uzteko ahalmena, lan-erreforman azalduriko arrazoi berak direla-eta. Langileen eta enpresaren artean adostasunik ez balego, UGT, CCOO eta patronala bazter batean geratuko dira eta alderdien “esanetara” egon, bitartekari moduan aritzeko. Baina hitzarmenak berritzen ez badira, ez dago beste arrazoirik patronalak langileei baldintza duinak onartu nahi ez izatea baino.
Gauden egoera larri honetan, UGTk eta CCOOek utzi diote sindikatu moduan aritzeari “beharrezkotzat jo baitute enpresen esparruan kapitalaren eta lanaren arteko gatazka gainditzea”, eta seguru aski horregatik bultzatu dituzte soldaten izozketa eta lanaldiaren araugabetzea. Izan ere, Enpleguaren eta Negoziazio Kolektiboaren Akordioa, 2012-I-25ean Madrilen sinaturikoa, Nafarroan ere aplikatzeko eskatu dute. Akordio horren arabera aurtengo soldata-igoeraren muga %0,5 izango da (adi! EZ KPI+%0,5), lanaldiaren %10 eta bost egun gehiago malgua izango da (hau da, 220 bat ordu enpresak nahi duenean sarrarazi dezake), eta hitzarmenean itundutako baldintzak bete gabe uzteko aukera ematen du.
Eta, noski, UGT, CCOO eta CEN “maila goreneko” Gizarte Elkarrizketaren Mahai Iraunkorraren sortzaile gisa agertzen dira. Mahai horri "beharrezko esparru instituzionalak" emango zaizkio, "konstituzioan onartzen zaizkien goi-mailako xedeak lortzearren". Aitortu dute, hala ere, gizarte-elkarrizketak “zailtasunak izan dituela Nafarroan arrazoi periferikoak direla-eta”, haiek elkarrizketaren protagonistak izango ez balira bezala.
Azkenik, etengabeko prestakuntzarako funts publikoen kudeatzaile moduko esklusibotasuna arriskuan ikusi dute UGTk eta CCOOek, zeren PPren eta UPNren lan-erreformaren arabera atea ireki zaie beste entitate pribatu batzuei (ABLE/ETT). Horregatik, gaur ezagutu dugun dokumentuan sindikatu bi horiek eta patronalak elkarri aitortu diote “eginkizun funtsezkoa eta nagusia” aipaturiko etengabeko prestakuntzan, gobernuek funts horietarako bestelako kudeatzaileak aurkitzeko dagoen aukeraren beldurrez.
ELAren iritziz UGTk eta CCOOek bertan behera utzi dituzte M-29an kalera atera ziren langileak, eta hilzorian zegoen gizarte-elkarrizketa piztu dute, salbamen-ohol moduan, lan-erreforma ontzat ematearen trukean. Are gehiago, "lan-harremanetarako esparru berria" kudeatzeko ere haiek aurkeztu dira berehala.