nafarroako kontserben sektorea

UGTk eta CCOOk estatu mailan egindako akordioak lan baldintzak okertzen ditu Nafarroan

2023/05/18
ELAk batzarrak egin ditu ordezkariekin, eta Nafarroa mailako sektoreko hitzarmen baten alde egin du, erosahalmena bermatzeko eta lan baldintzak hobetzeko.

UGTk eta CCOOk Madrilen Kontserben Sektoreko patronalekin lortu duten aurreakordioak Nafarroako lan baldintzak okertzen dituela salatu du ELAk. ELAk jakin ahal izan duenez (azken testua ez du), 2022an %4,75eko soldata igoerak ezarri dira, 2023an % 4koa eta 2024an eta 2025ean % 3koa, baina horrek ez du inolaz ere KPIa bermatzen; adibidez, 2022an KPIa % 6,4a izan zen Nafarroan.

Aurreakordio hori albiste txarra da sektoreko langileentzat: negoziazio kolektiboaren estatalizazio eredua sendotzen du, eta horrek langileak are gehiago prekarizatzeko baino ez du balio. Gehienak emakumeak dira sektorean, eta honek arrakalak handitzea dakar, gainera.

Estatuko hitzarmenak berak debekatu egiten du sektoreko hitzarmenak negoziatzea Nafarroan, eta horrek betikotu egiten du sektoreko langileen prekarietatea. Horrela, Estatuko Hitzarmeneko kategoriarik arruntenean, laguntzailearen kategorian, 15.304 euroko soldata dago, LGS 15.120 eurokoa da jada eta Nafarroan urteko batez besteko soldata 28.000 eurokoa da. ELAren ustez, argi dago hitzarmen honetako baldintza ekonomikoak ez direla hemen biziko den familia baten gutxieneko gastuei aurre egiteko beharrezkoak.

ELAk batzarrak egin ditu sektoreko ordezkariekin, eta Nafarroarako Hitzarmen Kolektibo Sektorial baten aldeko apustua egin du. Hitzarmen hori lantokietatik gertu negoziatzeak aukera emango lieke langileei Nafarroako kontserba-sektorearen interesak gero eta gutxiago ordezkatzen dituen hitzarmen baten baldintzak hobetzeko.