UGTko eta CCOOeko zenbait arduradunek beraien soldata Nafarroako Aurrekontuetatik jasotzen dute zuzenean
                
              ELA Sindikatuak egiaztatu ahal izan du Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (NEZ) ustez enplegu heziketara zuzenduriko zenbait hitzarmenek, UGTk eta CCOOek euren liberatu sindikalen soldatak ordaintzeko erabili direla zuzenean. Orain egun batzuk ELAk argitaratu zuen bezala, Nafarroako Gobernuak NEZren bitartez 24 hitzarmen adostu zituen zuzenean CEN, UGT eta CCOO erakundeekin enplegu heziketa eta enpleguratze ekintzak egiteko asmoz, 9,5 milioi eurotako gastuarekin.
Gauzak horrela, ELAk lau hitzarmen egiaztatu ahal izan ditu (2014ko data dutenak, eta euren erresoluzioak aurten berrituak izan direnak), eta gutxienez hauetan UGTko eta CCOOeko zenbait liberatu sindikalen zerrenda agertzen da, eta euren soldataren portzentaia bat Nafarroako aurrekontuetatik zuzenean ordaintzen dela ikus daiteke. Era honetan, 2014/03/18ko enpleguan estabilitatea sustatzeko hitzarmena egin zuen NEZk CCOOekin, 353.926,94 eurotakoa, langileak enpleguaren kalitateari buruz aholkatzeko helburuarekin (hau edozein sindikaturen ohiko zeregina izanik), eta 2014ko soldataren 100% ordaintzen zaie, besteak beste, CCOOeko zerbitzu, industria eta kimika arloko federazioetako arduradunei, eta portzentaia txikiagoan, nekazaritzako elikagaien eta Sakanako arduradunei. Era berean berdintasuna, kontziliazioa eta emakumeen enplegua sustatzeko hitzarmena (165.0115 euro) 2014an CCOOeko erresidentzien arloko eta zerbitzu pribatuetako arduradunen soldata ordaintzera bideratu zen.
UGTren kasuan, 2014/04/30eko enpleguaren estabilitaterako hitzarmenak (255.087,06 euro) eta 2014/03/27ko berdintasunerako hitzarmenak (171.000 euro) sindikatu honetako merkataritza, ostalaritza eta nekazaritzako elikagaien arloetako zenbait arduradunek, batez ere Erriberan eta Nafarroako erdialdean, eta baita Zerbitzuen Federazioko idazkari nagusiak berak ere euren soldata Nafarroako aurrekontuetatik jasotzeko bailio izan du. Eta hau guztia egiaztatu ahal izan diren 4 hitzarmenetatik ateratakoa da. Beste hitzarmen batzuetan UGT eta CCOO erakundeei subentzio handiak ematen zaizkie ikerketak egiteko, eta ondoren sindikatu hauek euren kabuz eginiko ikerketak balira bezala aurkezten dituzte, honek -aurrekontuetatik ordaindutako- abantaila ez-legitimoa ematen dielarik gainerako sindikatuekin hauteskundeetan lehiatzeko garaian.
Bistakoa da egungo eredu hau kudeatzen dutenak ezin dutela espero ELA bertara gehitzea, beharrezkoa baita eredu hau eraistea: ELAk ez du UPNk 90. hamarkadan martxan jarritako eta gaur egun bere horretan jarraitzen duen lan harremanen eredu honetan parte hartzeko eskaintzarik onartuko. Eta aldaketa politiko eta sozialerako ELAren ekarpenaren inguruan, ELA Gobernuari proposamenak egiten ari da menpekotasun arloa berrantolatzeko, pribatizaturiko zerbitzuak berriz ere publiko egiteko edo fiskalitate justuagoa lortzeko. Aldaketa denbora kontua da zalantzarik gabe, baina batez ere, iparra galdu gabe egin beharrekoa.