UNESCOk babestutako Geoparkea kaltetuko duen obraren aurka bozka dezaten deitu ditu ELAk Mutrikuko herritarrak

2022/12/15
Portuko dikea luzatzeko lanak hasita daude dagoeneko, herritarren oniritzirik gabe. Herriko Danborzaleak Elkarteak, baina, mutrikuarrek nahi duten herri eredua jakitera eman nahi du eta loteslea ez den herri galdeketa antolatu du. Mutrikuarrek beren iritzia adieraz dezaten nahi du ELAk eta portuko lanen kontra bozkatzera animatu ditu.

Geoparkean eragingo dituen kalteak, porturako sarreran sortuko dituen arriskuak, mutrikuarrentzat hain beharrezkoa den hondartza inguruan eta paisaietan izango duen eragina... Portuko dikea luzatzeak izango dituen inpaktuei entzungor hasi dira lanak. Eusko Jaurlaritzak, herritarren oniritzirik gabe, martxan jarri zituen 2005ean portuko babes dikearen obrak eta, oraingoan ere, herritarrek nahi duten etorkizuna kontuan izan gabe hasi dituzte luzapen lanak.

Asmo ezkutatuak

Duela 17 urteko proiektuak babes dikea, arrantza portua eta kirol portua aurreikusten zituen. Baina Gobernuak dikearen lehen zatia eta kirol portua baino ez zituen eraiki, arrantza portuaz ahaztuta. Oraingoan, dikea luzatzeko planaren atzean beste proiektu bat dagoen susmoa dute herritar askok.

Euskal Herrian hain ohiko bihurtu diren kirol portuek ez dute hazteko lekurik, baina Mutrikuko dikea luzatuta, kirol portuak ehunka metro koadro hazteko aukera izango du. Diru publikoarekin alferrikako azpiegitura bultzatu nahi dute gutxi batzuk aberasteko.

Horregatik, ELAk dei egiten die mutrikuarrei herri galdeketan parte hartu eta babes dikearen luzapenaren aurka bozka dezaten.