Unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen dekretua iruzur galanta da

2007/11/05
Argitaratu da EHAAn Dekretua, urriaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituena. ELAk azpimarratu nahi du dekretuak ez dituela jasotzen joan den ikasturtean irakasleek egindako eskabideak, ezta irakaskuntza publikoa indartzeko planteatu ziren neurriak ere. Hortaz,irakasleek adierazitako asmo eta borondatearekiko iruzur galanta da. Gainera, lehendabiziko aldiz EAEko historian, CCOO eta Hezkuntza Sailaren artean gutxiengoan adostutako arautze honek ez dauka irakasleen ordezkari gehienen onespena.

Urriaren 31ko EHAAn (http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/bopv_20?c&f=20071031&s=2007210) 2007-2009 aldirako irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen Dekretua argitaratu da. Orain argitaratu den Dekretua joan den ekainaren 21ean CCOOk gutxiengoan Hezkuntza Sailarekin lotsagabeki izenpetutako akordioaren ondorioa da. Une honetan ELAk berretsi nahi du Dekretu hau gaitzesten duela, formari zein funtsari dagozkien arrazoiak direla medio.

Lehenik eta behin, azpimarragarria da gaurtik aurrera, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoaren arloan lehendabiziko aldiz, irakasleen lan-baldintzen araudia ez dela irakasleen ordezkari gehienen eta Hezkuntza Sailaren arteko akordio baten ondorio. Dekretu honek CCOOren babesa soilik dauka (%33ko ordezkaritza baino ez duena). Era horretan, eta CCOOren laguntza ezin baliotsuagoari esker, Hezkuntza Saila ere aurretik halako jokaldiak egin dituzten beste Sailen parean jarri da arlo honetan, eta Tontxu Campos EAEko lehendabiziko Hezkuntza Sailburua izan da gehiengoen eta gutxiengoen printzipioa errespetatzen jakin izan ez duena, ezinbestekoa dena demokraziaren arauak errespetatu nahi dituen akordio orotan.

Dekretuaren edukiari dagokionez, argi asko adierazi beharra dago ez direla jasoak izan joan den ikasturteko mobilizazioetan ardatz eta funtsa izan ziren irakasleen eskabideak, ezta irakaskuntza publikoa indartzeko planteatu ziren neurriak ere.

Zehazki, azpimarratzekoa da:
-hezkuntza behar berriei dagokienez, Hezkuntza Sailak ez ditu datozen urteetan konsolidatuko ikastetxean bizikidetzaz, edo teknologi berrien arloaz edo beste batzuetaz eman diren irakasle erdien ordu-kredituak. Ordu-kreditu eskas hori , irakasle erdikoa, ikasturte baterako da bakarrik; hau da, irakasle erdi baten ordu-kreditua eskasa izateaz gain, ikasturte bakar baterako, soilik, egongo dira izendaturik eta gero desagertuko da.
-2 eta 3 urteko geletan 1’5 irakasle/gela ratioa ez da orokortuko.
-hizkuntza Normalkuntzari dagokionez, ez dute irakasle bat ere gehituko zenbait eskualdetan premiazko neurriak eta baliabide gehiagoren beharra begi bistakoa denean.
-berandu heldutako ikasleentzat aurreikusten dena ez nahikoa da guztiz.
-lan sarien atalean azken hamarkadetan inoiz ezagutu gabeko “urratsa” eman dute. Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle espezialistak bat ere “pizgarririk” gabe utzi dituzte, irakasleriaren arteko zatiketa eta lehia suspertuz.
-Iraleri dagokionez, hizkuntza eskakizunik gabeko zenbaitek enplegua eta soldata ziurtatuta ikus dezaketen bitartean, beste hainbat irakasle egonkor izandakoek ez bata eta ez bestea izateko arriskuan egon daitezke, hizkuntz eskakizuna izan arren.
-Bestalde, Bestalde, 2003tik hona akordiorik gabe egon ondoren, sinatutakoa edukien aldetik eskasa izateaz gain, aurreko akordioan jasota zeuden hainbat gairekiko atzera pausu nabarmenak dakartza:
-55 urtetik gorakoentzako ordu lektiboen murriztapenerako aipamena erabat desagertu da.
-egonkortasun konpromisoa behin betiko galdu da eta irakasle egonkor ohien lan baldintzak okertu.
-Haur eta Lehen Hezkuntzan 23 ordu lektiboetatik 22ra jaisteko aukera ezabatu da.

Edukia aztertu ondoren, argi dago Dekretu hau urrun, oso urrun, geratu dela joan den ikasturteko mobilizazioetan helburutzat jo genituen eskaeretatik. Lotsagarria da joan den ikasturtean burutu genuen mobilizazio-prozesu handi hura honelako akordio pobre batekin bukatu izana. Horrenbestez, Hezkuntza Sailak eta CCOOk gutxiengoan izenpetutako akordio hau irakasleen asmo eta borondateari eginiko iruzur handia baino ez da.

Edozein kasutan, akordio honek ezarritako mugen gainetik, irakasleen lan-baldintzak hobetzeko eta eskola publikoa indartzeko bere borondate eta jarrera berretsi nahi ditu ELAk.