UPN-PSN eta PPren erreforma fiskalak murrizketa gehiago eta desberdintasun handiagoa ekarriko ditu

2014/12/04
UPN-PSN eta PPren erreforma fiskalak murrizketa gehiago eta desberdintasun handiagoa ekarriko ditu
ELAk uste du alderdi hauek ez dituztela gogaitu nahi beren zerga-politikaren mesedea jasotzen duten pertsona eta enpresak. Kezkatzekoa da funtsezko gai hau zenbateko arinkeriaz hartzen den. ELAk arduratuta ikusten du oposizioko alderdiek ez dutela alternatibarik eskaintzen, eta ohartarazi du Nafarroan aldaketa politiko eta sozialik ezin dela gauzatu zerga-politikari astindu bat eman gabe.

UPN-PSNk eta PPk erabaki duten erreforma fiskalaren neurri nagusiek mesede egingo diete gehien irabazten duten pertsonei, ondare handiena dutenei eta enpresa handiei. Honen ondorioa izango da administrazioak diru gutxiago bilduko duela, eta ondorioz, desberdintasuna eta murrizketak areagotu egingo direla.

Beraz, erreforma hau erabat arbuiatzeko modukoa da; zerga-sistema injustuago baterantz darama, eta ez du ezer egiten iruzur fiskalari jazartzeko.

Erreforma fiskal hau egiterakoan informazio gabezia eta seriotasun eza kezkagarria da. PSNk hasieran egin zuen kalkulutik Ogasun sailak egin duenera 68 milioi euroren aldea dago; honek agerian uzten du funtsezko gaiak zenbateko arinkeriaz lantzen diren.

ELAk ohartarazi nahi du informazio ezak edo datu okerrek eragotzi egiten diotela gizarteari benetako debatea egitea fiskalitatea bezain gai garrantzitsuan; behar-beharrezkoak dira parte hartze sozialerako tresnak, erreferenduma barne.

Azken urteetako erreformak ezarri ez balira, eta 2008ko presio fiskal bera mantendu izan balitz, Nafarroan urtero 273 milioi euro gehiago bilduko litzateke zergatan. ELAk gogoratu beharra du europar presio fiskalarekiko aldea ia 10 puntukoa dela; beraz, oraindik tarte handia dago biltzen den dirua eta inbertsio soziala gehitzeko. Ezin da ahaztu, gainera, presio fiskalik handiena eta soldatarik hoberenak dituzten estatuetan dagoela desberdintasun eta langabezia mailarik apalena.

Azkenik, ELAk kezkaz ikusten du oposizioko alderdiek ez dutela benetako alternatibarik plazaratzen: Ezin da Nafarroan aldaketaz hitz egin zerga-politikan sakoneko aldaketarik egin gabe. Desberdintasunari, pobreziari edota murrizketei aurre egiteko borondatea sinesgarria izateko zerga-politikan astindu handi bat ezinbestekoa da.