Uren partzuergoaren gatazkan laudoa inposatzearen aurka (Nazio Batzordearen komunikatua)

2004/05/30

Bihar asteartea, uren-partzuergoko kontraten gatazka amaitzeko nahitaez bete beharreko laudoa inposatuko duela mehatxatu du Eusko Jaurlaritzak. Horren aurrean ELAko Nazio Batzordeak hurrengo hausnarketak egin nahi ditu: Partzuergoa kudeatzen duten erakunde publikoek ez negoziatzeko hartu zuen erabaki politikoak, gatazka guztia baldintzatu du. Nahitaez bete beharreko laudoa inposatzea gatazka honetako azken indar-ekintza eta ekintzarik larriena izango zen.

ELAk iritzi publikoari gogorarazi nahi dio, gatazkan mahaigaineratutako erreibindikazioetako negoziazio prozesuei estaldurarik ez ematea erabaki zuela hasieratik, patronal publikoan eratu den euskal udalerrien elkarteak (Eudelek). Ez negoziatzearen erabaki hori EAJ, PP, PSE eta EAko zuzendaritza politikoek akordio batetan berretsi zuten.

Partzuergoak Eudelen ildoak itsumustuan jarraitzea izan da jarrera beligerante honen ondorioa. Ez negoziatzeaz gain irikitako negoziazio ildoen garapenari betoa jarri eta mehatxu eta zigorren bidea bultzatu du.

Eusko Jaurlaritzak bere aldetik, denbora irabazi eta grebalarien erresistentzia hondatzen duten zerbitzu minimoak ezartzen ibili da. Estrategia honen porrota argi geratu denean laudoaren bitartez langileak grebari uko egin diezaioten lortu nahi duela dirudi.

Ezin daiteke ahaztu jokabide politiko hauen atzean hondoko erabakia dagoela: zerbitzu publikoen pribatizazioarena. Enplegu eta soldata baldintza okerragoak inposatzen zaizkien langileek, zerbitzu publikoak ematea lortu nahi da, honela enpresa pribatuentzako irabazien iturri bihurtuko dira eta boterean dauden partiduei bezeroen sareak eskainiko dizkiete.

Nahitaez bete beharreko laudoaren inposizioa, greba eskubidearen kontrako ekintza bortitza litzatekeela uste du ELAk. Erabaki hau Eusko Jaurlaritzak hartuko luke eta erakunde hau objetiboa eta inpartziala izan beharrean, argi dago gatazkaren partaide zuzena dela, EAJ eta EAk parte hartzen duten akordio politikoa dela eta.

Azkenik Nazio Batzordeak Uren Partzuergoko kontratetan greban dauden langileei bere elkartasuna adierazi nahi die, baita euren eskubideen defentsa eta lan baldintzen hobekuntzarengatik gatazketan askotan iraupen luzekoak- dauden gainontzeko langileei ere.