Urkullu Lehendakariak iraultza kontserbadorea zuzentzen du Euskadin

2018/09/05
ELA eta Podemos Euskadiko ordezkaritzak elkartu dira Gasteizen. Bileraren buru Txiki Muñoz eta Lander Martinez izan dira eta egoera sozio-ekonomikoari eta politikoari buruzko hausnarketak trukatu dituzte. Muñozek azpimarratu du sindikatua beti prest dagoela alderdi politikoekin hitz egiteko, bereziki ezkerrekoekin. Beti ere, alde bakoitzaren desadostasunak eta desberdintasunak eztabaidatzeko aukerei mugak ezarri gabe.

ELAko idazkari nagusiak adierazi du munduan kontserbadoreen iraultza bat gertatzen ari dela. Iraultza hori, berton, Urkulluren Gobernua zuzentzen ari dela azpimarratu du. Testuinguru horretan kokatu ditu elkarrizketa sozialerako dekretuaren zirriborroak ELAren ordezkapen maila gutxiesteko jasotzen dituen neurriak. "Ez da bateragarria EAJk EH Bildurekin batera estatus berrirako oinarriak ezartzeko lortutako akordioan erabakitzeko eskubidez aritzea, eta aldi berean gehiengo sindikalen aurka egitea. Gure ustez, eguneroko praktikek definitzen dute benetan gobernua. Horregatik, EAEko estatus berrirako definitzen diren oinarrietan erabakitzeko eskubideaz aritzea, eta gero, gehiengo sindikala baztertu nahi izatea erabat bateraezina da. ELAren ustez, ez dago benetako Lan Harremanen eta Babes Sozialaren Euskal Markorik, sindikalgintzan ez bada demokrazia errespetatuko".

Bestalde, alderdi ezkertiarrei eskatu die agertu dezatela Eusko Jaurlaritzaren politika neoliberalaren aurkako jarrera garbia. Izan ere, Jaurlaritzaren politika sozialak langilegoaren pobrezia eta prekarietatea dakar, Muñozen hitzetan. ELAk uste du ez dagoela ezker politikarik politika ekonomiko eta sozialari garrantziarik ematen ez bazaio.

ELAko idazkari nagusiaren iritziz, autogobernuak ezinbestekoa du arlo soziala bereganatzea gizartearen babesa jasotzeko.

Idazkari nagusiarekin batera, Mikel Noval eta Janire Landaluze, arlo sozialeko eta ikerketa bulegoko kideak izan dira bileran.