Urkulluk eta Barcinak langabeziaren eta pobreziaren politikak egiten jarraitzen dute
Langabezian izena emandako pertsona kopurua 231.403 izan da Hego Euskal Herrian maiatzean, azken urtean 20.946 pertsona gehiago izanik (ia %10 gehiago), nahiz eta azken hilean 1.630 pertsonatan gutxitu langabe kopurua.
Gainera gero eta gehiago dira langabezian egonik inolako langabezia saririk jasotzen ez dutenak. Hego Euskal Herrian 109.223 pertsona daude langabezian izena eman eta prestaziorik jasotzen ez dutenak, %46,9. Soilik lanik ez dutenen hirutik batek jasotzen du kotizaziopeko langabezia saria (%32,6).
Murrizketek eta gizartearen aurkako erreforma politikak miseria eta prekarietate gero eta handiagoa dakartzate. ELAk Urkulluren eta Barcinaren Gobernuei dei egiten die langabezia, gizarte babes eza eta pobreziaren hazkundean duten ardura onar dezaten. Eta, hortaz, ezartzen dituzten politikak aldatzeko, non eta ez den hau beraiek eskaintzen duten alternatiba bakarra.
Begi bistakoa da enplegua eta gizarte politikak ez direla lehentasuna Madrilen esaten den guztiari men egitea erabaki dutenentzat, nahiz eta eragin izugarriak izan. ELAk argi utzi nahi du soilik antolakuntzak eta mobilizazioak lortuko dutela langabezia, miseria eta pobrezia politikak aldatzea. Bestelako politika bat posiblea eta beharrezkoa izateaz gain, ezinbestekoa da.