ENPLEGUA

Urrian 3.614 pertsona gehiago daude langabezian

2023/11/03
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuen arabera, Hego Euskal Herriko langabeen kopuruak gora egin du berriro, eta eragin handia izan du gazteen artean

Duela hamarkada bat baino gehiagotik izan den urririk txarrena da langabeziari dagokionez. Izan ere, irailean baino 3.614 langabe gehiago daude Hego EHn. Gainera, oraingoan lurralde osoan igo da langabezia. EAEn 2.920 langabe gehiago daude, eta Nafarroan 694 gehiago.

Zerbitzuen sektoreak izan du eragin handiena, 2.645 pertsona gehiago izan baitira enplegu gabe. Bestalde, langabezia %10eraino handitu da, beste behin ere, Europako eta inguruko herrialdeetako batez bestekoaren oso gainetik.


Gazteen langabeziari buruzko datuek ere zifra negatiboak dituzte. Azken hilabetean, 641 pertsona gehiago izan dira langabezian, hau da, termino erlatiboetan % 5,5eko igoera izan da. Gainera, esan behar da oraindik ere gazte langabe gehiago daudela 2019an baino.


Urrian egindako kontratuek aurreko hilabeteetako ezaugarri berak dituzte: prekarioak eta aldi baterakoak dira. Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen %74,4 aldi baterakoak izan dira Hego EHn, hau da, urrian sinatutako lau kontratutik hiru aldi baterakoak izan dira.

Nabarmentzekoa da, halaber, langabezian izena emanda dauden pertsonen %54k ez duela langabeziagatik inolako prestaziorik jaso irailean. Eta %26k baino ez du kobratu kotizaziopeko langabezia prestazioa.



Egoera ikusita, ELArentzat ezinbestekoa da antolatzea eta mobilizatzea lan prekarietatearekin amaituko duten eta sektore publikoan zein pribatuan lan baldintzak duinduko dituzten neurrien alde borrokatzeko.