Urriaren 13, 14, 18 eta 19an, Zarauzko kiroldegiko langileek greba egingo dute hitzarmenaren alde eta murrizketen aurka

2020ko abenduan, Zarauzko kiroldegiko langileek Polikiroldegiko Hitzarmenaren negoziazioa hasi zuten Zarautzen kirol-jardueren kudeaketaren esleipendun den BPXPORT XXI enpresarekin. Negoziazio gorabeheratsuaren ondoren, abuztuan, akordioa ixteko zorian zegoenean, 2021ean soldatak izoztea proposatu zuen enpresak. Hori gutxi balitz, hilabete horretan bertan, enpresak eta Zarauzko Udalak hartutako erabakien ondorioz, langileen erdiei lanaldia murriztu zitzaiela jakinarazi zen; kasu batzuetan, % 50era arte.
Zarauzko kiroldegiko langileek, ordea, ez dute murrizketarik onartuko, ezta soldaten izozterik ere. Ez dute duela lau urte lortutakoa galtzen utziko, 15 greba egun gogor eta luzeren ondoren.
ELAk hainbat bilera egin ditu Udalarekin gatazkari irtenbidea bilatzeko, baina orain arte ez du lortu Zarauzko Udalaren konpromisorik edo bermerik.
Zarauzko Kiroldegiko 20 langileetatik gehienek lanaldi partzialak dituzte eta langabezian geratzen dira udako hilabeteetan. Lanaldiak are gehiago murrizteak eta enpresak soldatak izozteak erabateko prekarietatera kondenatuko lituzke.