Urriaren 21, 27 eta 29an, greba EAEko eskola-jantokietan

Sindikatuek salatu dutenez, joan den ikasturtearen amaieratik eta ikasturtea hasi zenetik, behin eta berriz eskatu diete Hezkuntza Sailari eta hezkuntzako patronalei kalitatezko eskola-jantokien antolaketa negoziatzeko eta sektoreko langileen enpleguari eta lan-baldintzei eustea bermatzeko, bai eta langile eta erabiltzaileentzako osasun-bermeak bermatzeko ere. Hala ere, erantzuna, gaur arte, inposaketa izan da.
Aurreko ikasturteetako ratioei eusteaz gain, eta talde egonkorrei edo espazioei dagokienez egungo beharrei jaramonik ez egiteaz gain, ez dira bermatzen ari enpleguari eta kolektiboaren lan-baldintzei eutsiko zaiela. Izan ere, behin-behineko langile asko ez dituzte lanera deitu.
Bestalde, inprobisazioa eta kalitatezko jantoki seguru baterako langilerik eza mesfidantza sortzen ari dira familien artean, eta, ondorioz, askok ez dute zerbitzua eskatzen, nahiz eta beharrezkoa izan. Ez dugu ahaztu behar haur askorentzat egunean jasotzen duten otordu oso bakarra jantokikoa dela.