Urriaren 27an manifestazioak Hego Euskal Herrian eta greba Nafarroan, kalitatezko irakaskuntzaren defentsan

2011/10/13
Hego Euskal Herrian hezkuntzak gobernuen aldetik jasotzen duen tratua eta ondorioz bizi duen egoera ez da sinestarazi nahi digutena, salatu dute ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuetako arduradunek. Sindikatu hauen esanetan, kalitateari eusten bazaio bertan diharduten langileen eta hezkuntzako beste eragileen inplikazio, lana eta esfortzuagatik da.

Azken hamarkada luzeetan Hego Euskal Herrian Barne Produktu Gordinaren %3,5 inguru besterik ez da bideratzen hezkuntzara (%3,6 EAEn, %3,1 NFEn). Hau da, ELGEko (OCDE) herrialdeek (herrialde aberatsenek) bataz-beste bideratzen dutena baino 1,7 puntu gutxiago, 1.433 milioi euro gutxiago, 520 euro gutxiago biztanleko eta urteko (Danimarkak bideratzen duenarekiko -%7,2- 3.620 milioi gutxiago, Frantziar Estatuak -%5,6- baino 1.730 milioi gutxiago edo Espainiar Estatuak -%4,3- baino 674 milioi gutxiago).

Egoera honi, krisia aitzakia, 2010-11 eta 2011-12 ikasturteetan egin diren eta  sakontzen darraiten murrizketak gehitu dizkiete gobernuek eta hezkuntzako patronal ezberdinek, bakoitzari dagokion erantzukizunaren mailan. Hezkuntzaren sektore eta esparru guztietan inposatu dizkiguten murrizketak eta plantillei, soldatei, ordezkapenei, lan-kargei, langileen prestakuntzari, hezkuntza proiektuei, etab. eragiten dietenak. Jakina da honelako erasoek lan-baldintzen okertze nabarmena dakartela beraiekin eta, honi zuzenean lotuta, hezkuntza kalitatearen kaltetze nabarmena. Ikasleek beraien heziketa beharrei erantzungo dieten langile gutxiago dituzte, sarritan astebetez edo gehiagoz ez dute ordezkorik, langileek behar bereziak dituztenekin egoteko, ikasgaiak eta materiala prestatzeko edota hezkuntza proiektuetarako ez dute denbora nahikorik, prestakuntzarako ere denbora eta baliabide urriagoak dituzte, gauza bera euskara hobetzeko, etab.

Azken bi ikasturte hauetan, hezkuntzako sektore ezberdinetako langileok (haurreskoletakoek, irakaskuntza publikoko kolektibo ezberdinek, gizarte ekimeneko ikastetxeetakoek, ikastoletakoek, unibertsitatekoek) ekimen eta mobilizazio ezberdinak egin ditugu egoera salatuz, murrizketak atzera bota ditzaten exijituz eta politikak aldatzeko eskatuz; eta bide horretan jarraituko dugu sektore eta esparru hauetan guztietan.

Gaur ordea, hemen gauden hiru sindikatuok, hezkuntzako langileen gehiengo zabala ordezkatzen dugularik, Hego Euskal Herrian hezkuntza bere osotasunean bizi duen egoera eta gainezarritako murrizketak salatu nahi ditugu, gobernuei eta patronalei murrizketak atzera botatzea exijitzen diegu eta hezkuntzari duen garrantzia ematea eta beharrezkoa duen inbertsioa egitea eskatzen.

Horretarako, hezkuntzako langile guztiei eta jendarte osoari dei egiten diogu beraien ikastetxeetan eta inguruan egoera sala dezatela eta gurasoei eta gizarte osoari jakin arazi diezaiotela politika hauen ondorioak.

Era berean, Hego Euskal Herrian hezkuntza eta hezkuntzako langileok jasaten ari garen erasoak salatzeko, aldez aurretik Nafarroako Gobernua ezartzen ari den murrizketa basatiei aurre egiteko irakaskuntza publikoan antolatu diren mobilizazioei, urriaren 27an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan arratsaldeko 18:30etan egingo ditugun manifestazioak gehitzen dizkiegu, Eusko Jaurlaritza iazko eta aurtengo ikasturteetan aplikatzen ari den murrizketak gogor salatuz.

Gure herriak, gure haur eta gazteek, gurasoek eta jendarteak bere osotasunean behar du kalitatezko hezkuntza eta horren defentsan eta aldarrikapenean jarraituko dugu lortzen dugun bitartean.