Ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak dira eta ez dute betetzen aurreko grebatan emandako epaiak

2011/01/23
Urtarrilaren 27ko greba dela eta, bermatu beharreko zerbitzuei buruzko Agindua jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako Sailak. Agindua erabat atzerakoi eta murriztailea da eta, beste behin, greba egiteko funtsezko eskubidea erabat mugatzen du.

Aurreko grebatan gutxieneko zerbitzuak errekurritu ondoren irabazitako epaiak kontutan hartzea (TSJPV 695/09; TSJPV 780/10) exijitu genuen sindikatuok. Helegiteak ezarri ziren Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak  gehiegizkoak eta arrazoitu gabeak izan zirelako 2009eko maiatzaren 21eko greban eta 2010eko maiatzaren 25ekoan ere. Greba deitzen dugun sindikatuon iritziz gobernuaren gutxieneko zerbitzuen inguruko aginduak greba egiteko oinarrizko eskubideari muga estuak ezartzen dizkio, arrazoizkoak baino estuagoak alegia, eta bere helburu nagusia inposatu nahi dizkiguten neurri murriztaile hauen aurkako grebari indarra gutxitu eta posible duen heinean galaraztea da.

Modu honetan, osasungintza eremuan betitik egondako gutxieneko zerbitzuen inguruko adostasuna puskatu egiten da zeren, era ulergaitzean, lehen mailako arretarako gutxieneko zerbitzuak %20an handitzen dira.

Aginduak garraio sektorean zerbitzu eta maiztasunen %30a bermatu behar dela dio. Kasu honetan, 24 ordutako greba izanda, erabat gehiegizkoak suertatzen dira ezarritako gutxieneko zerbitzuak. Gainera,  igoera hau arrazoi gabea eta gehiegizkotzat  jo zuen epaietako batek ez baitu zerikusirik herritarrek honelako greba egun batean dituzten beharrekin, ohiko joan-etorriak asko gutxitzen baitira, administrazioak beste dekretu batzutan onartu izan duen bezala.

Bestalde, eguneko zentroak adinekoen egoitzen pare jarri dituzte. Ulertezina gertatzen den parekatzea, izan ere lehenengo hauek igande eta jaiegunetan itxirik egoten baitira eta ondorioz gutxieneko zerbitzuen agindutik kanpo egon beharko lukete. Sektore honetan berriro ezartzen da eguneko zentrotarako garraioa gutxieneko zerbitzutzat, nahiz eta TSJPV-ko 780/10 epaiak espresuki legez kanpokoa deklaratu.

Kezkagarria da hezkuntzari dagokionean harturiko erabakia, hain zuzen aipatutako epaien aurka baitoa.  Oraingoan ere gutxieneko zerbitzuak ezarri dira hezkuntza arloan ikastetxeen irekierara behartuz. Auzitegiaren epaiak bete gabe uztean gain  (aurreko grebetakoaren berdina ezartzen zuten),   ulertezina da hezkuntza funtsezko zerbitzutzat jotzea egun bateko greban eta zentro guztiak irekitzera behartzea.

 

 

Erabaki honekin hezkuntzako langileen greba eskubidea, eta baita hezkuntzaren arloan aritzen diren atezain kolektiboaren greba eskubidea ere, larriki urratzen da eta egun horretan eskolara gerturatzen diren ikasleen segurtasuna bera ere zalantzan jartzen da, izan ere zentroetan irakasle bakarrarekin aurki baitaitezke.

Gauza bera esan daiteke Haurreskolei dagokienez, non irekiera bermatzea eskatzen den nahiz eta pertsona bakarra izan. Hau ere funtsezko zerbitzua al da egun bakarreko greban? ¿Nola bermatuko da joan daitezkeen haurren segurtasuna? Argi dago hau ez dela Jaurlaritzaren ardura, greba indargabetzea baizik. Antzeko irizpideak erabili dituzte lehen aldiz gutxieneko zerbitzuak ezarriz Unibertsitatean edo Musikene Goi mailako Musika Ikastegian.

Dekretuari gehiegizko deritzogu, besteak beste, okerreko abiapuntua hartzen duelako. Etengabe berdintzen dira oinarrizko eskubide den greba eskubidea, eskubide konstituzionala izanik ere konpara ezina den lanerako eskubidearekin. Eta ondorioz, lehenak duen babes berezia urratzen du gobernuak.

Azken batean, Jaurlaritzaren erabakiak greba egiteko oinarrizko eskubidea galarazi nahi du, eta ezarri diren gutxieneko zerbitzuak neurrigabeak izanik, deialdiaren hedapena eta eragina mugatu. Beste behin, Jaurlaritza honek agerian utzi du berarekin ados ez datorren eta bere erabakiei aurre egiteko prest agertzen den edonor gutxietsi eta paretik kentzeko duen erabaki irmoa.

Greba deitu dugun sindikatuok Agindu honen kontrako helegitea aurkeztuko dugu eta Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu gure proposamenei jarraituz agindua zuzendu eta zentzuzkoagoa den bestelako bat argitara dezala. Edozein modutara ere, langile guztiei dei egiten diegu agintekeria eta greba indargabetzea ahalegin hauen aurrean indartu daitezen, greba eskubidea askatasunez gauza dezaten eta inposatu nahi dizkiguten neurri hauei guztiei behar adinako erantzuna eman diezaiegula. 

ELA / LAB / STEE-EILAS