Urtarrilaren 30ean, ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek manifestazioak deitu dituzte “Lan Erreforma honi, ez” lelopean

2022/01/17
Lau hiriburuetako urtarrilaren 30eko mobilizazioen beste aldarrikapenak ondoko hauek izango dira: “Lan harremanen euskal esparruaren alde” eta “kaleratze errazen aurka”. Lan Erreformaren bozketaren bezperan, lantokien aurrean elkarretaratzeak ere egingo dira.

Azken hilabeteotan lan erreforma inguruko eztabaida egon da estatu mailan. Euskal langileon bizitzan hainbesteko garrantzia duen gai baten inguruko erabakiak Madrilen hartzeak agerian uzten du EAE eta Nafarroako autogobernuaren mugak. Euskal langileak eta herritarrak ordezkatzen ez dituzten eragileak izan dira gai honen inguruko erabakiak hartu dituztenak.

Horrekin batera, salatu beharra dago Espainiako Gobernuak ez duela bere hitza bete, ez du 2012an Alderdi Popularrak aldebakarrez inposatutako lan erreforma indargabetu. Ez du agindutakoa egin ere, ez baitiete lan erreforma haren elementu kaltegarrienei buelta eman. CEOErekin Elkarrizketa Sozialaren bitartez urardotutako akordio bat hobetsi dute langile klasearekin hartutako konpromisoa bete beharrean.

Espainiako gobernuak, CCOOk, UGTk eta CEOEk adostutako lan erreformak 2010 eta 2012 urteen arteko lan erreformen hezurdura mantentzen dute. Langile klasearen pobretzea bilatzen zituzten tresna ia guztiak mantenduko dituzte hemendik aurrera ere.

Bereziki bi elementuk kezkatzen gaituzte. Batetik, negoziazio kolektiboan estatuko marko inposatzailea mantentzen dute eta ez diote segurtasun juridikorik eman EAE zein Nafarroan negoziatzen ditugun hitzarmenei. Euskal Herrian gure negoziaketak egin nahi ditugu langileen lan-baldintzak hobetu ahal izateko, inongo kanpo injerentziarik gabe. Negoziazio kolektiboan erabakitzeko esparrua izatea hori baita guretzat, euskal langileek demokratikoki hautatu dituzten ordezkarien bitartez langileen lan baldintzak hobetzeko aukera izatea.

Honekin batera lotuta, lan-hitzarmen sektorialen prebalentziaren inguruko tranpa salatu behar dugu ere. Eskatzen duguna lan-hitzarmen sektorialak bere osotasunean minimoak izatea da enpresako lan-hitzarmenen gainetik, ez bakarrik soldatetan, elementu guztietan.
Eta, bestetik, langileen kaleratze prozedurak ez dituzte aldatu. 2012an kaleratzeko objektiborako kausak izugarri lausotu ziren, kaleratzea merkatu zen, administrazioaren kontrola ezabatu zuten eta tramitazio soldatak kendu zituzten. Horrek guztiak bere horretan jarraitzen du. Kaleratze erraza langileentzako prekarizazio eta ziurgabetasuna eragiteko tresna da eta horregatik ezarri dio patronalak betoa honen aldaketari.

Gainera, eskubide berriak lortzeko aukera galdu da, eta bereziki larria da erreforma horrek ez jasotzea Etxeko eta Zaintzako Langileak gainerako langileekin erabat parekatzea, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorretik kanpo utzita eta oinarrizko eskubiderik ez duten egoera bati eutsita, hala nola greba edo langabezia-prestazioa, eta, era horretan, Laneko Arriskuen Prebentziorako Legetik kanpo uzten.

Era berean, erreformak ez du bermatzen azpikontratetako langileek enpresa nagusikoek dituzten eskubide berberak izatea, eta ez da lortzen lan beragatik eskubide berberak izatea bezain oinarrizkoa den zerbait.

Oso larria den lan erreforma baten aurrean gaude. Elkarrizketa Soziala aitzakia izan da hitza ez betetzeko. CEOEri beto eskubidea eman diote, hobekuntza txiki batzuen truke 2012ko lan erreforma berriro ere konbalidatu dadin, hemendik aurrera sakoneko aldaketak egiteko aukerari muzin eginez. Horregatik, 2010 eta 2012ko lan erreformak erabat derogatzea eskatzen dugu eta, bereziki, lan hitzarmenen estatalizazioa eta kaleratze erraz eta merkeak ahalbidetzen dituzten puntuak.

Horrekin batera, Euskal Herrian lan harremanetarako esparru propioa eratzeko urratsak eman beharra dago. Euskal langileon lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak Euskal Herrian hartu behar dira, eta ez Madrilen. EAE eta Nafarroako instituzioei eskatzen diegu ikusle soila izateari utzi eta lan harremanetarako esparru propioaren aldeko urratsak eman ditzaten.

ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuon iritziz langileen lan baldintzak hobetzeko tresna nagusia mobilizazioa da, eta horregatik dei egiten diegu euskal langileei urtarrilaren 30ean berriro ere Euskal Herriko hiriburuak bete ditzagun. Hortik aparte, Kongresuan Lan Erreformaren dekretua bozketaren bezperan lantokien aurrean elkarretaratzeak ere deituko ditugu.

  • Urtarrilaren 30eko manifestazioak (goizeko 12etan):
    Bilbo: Moyua plaza
    Donostia: Alderdi Eder
    Gasteiz: Bilbao plaza
    Iruña: Autobus geltoki zaharra