Urte ta erdiko espetxe zigorra M21ko greban parte hartzeagatik

2010/02/24
ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek Israel Gonzalezi leporatzen dioten akusazioa erretira dadila eskatu dute, eta UPNk berriz ere funtsezko eskubideak bortxatu nahi dituela salatzen dute, hala nola manifestazio edo greba eskubidea.

Datorren ostiralean, hilak 26, Iruñeko auzitegian Israel Gonzalez epaituko dute; Udal-tzaingoak maiatzaren 21eko greba orokorreko egunez manifestazio bateko gertakarietan parte hartu izana leporatzen dio. Urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen dute.

Agiri hau sinatzen dugun sindikatuon iritziz, batetik akusazioak ez dauka oinarririk (udaltzain bati objektu bat bota omen ziotela), eta bestetik argi dago Israel Gonzalez kriminalizatzeko borondatea, berak hainbat jarduera sozialetan parte hartze nabarmena izan duelako.

Gainera, akusazio honen atzean UPNren bultzada somatzen dugu; izan ere, greba orokorra deitu zenetik M-21eko mobilizazio handiak oztopatu eta eragotzi egin nahi izan baititu.

Oraingoan udaltzainburu den Simon Santamariaren bitartez (Udalbatzaren gehiengoak errefusatu zuen pertsona bera) ekin diote erasoari; manifestazio guztiz baketsu batean parte hartu zuen norbait kriminalizatu nahi dute.

Hori dela eta, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek Udaltzaingoari exigitzen diote Israel Gonzalezen aurkako akusazioak bertan behera utz ditzala, eta langileei dei egiten diete herritar honekiko elkartasuna adieraztera, datorren ostiralean, otsailak 26, goizeko 10etan Iruñeko auzitegi aurrean.