Urteetako borrokak Bizkaiko Adinekoen zentroetan Sektoreko Hitzarmena posible egin du

2014/05/19
Hitzarmen honen bitartez erreforma lan zentroetan sartzea galarazi da eta orain arteko lan baldintzak mantendu eta hobetzen dira. Bizkaiko Foru Aldundiak enpresa pribatuekin oheak kontzertatzeko erabilitako prozedura bidez jasota gelditzen da.

Iragan ostegunean, maiatzaren 15a, ELAk Bizkaiko Adinekoen egoitzetako lan baldintzak erregulatzen dituen sektoreko hitzarmena sinatu du. ELAk negoziaketa mahaian, % 63ko ordezkaritza dauka.

Gogoratu, Bizkaiko Adinekoen egoitzetan, eguneko zentroetan, etxebizitza komunitario eta pisu tutelatuetan lan egiten duten 6500 langileren lan baldintzak arautzen dituela aipatu hitzarmenak.

  • HITZARMENAREN HELBURUAK

Hitzarmen honen negoziaketa prestatzen hasi ginenean, alegia, 2012 urte bukaeran, inoiz izan genuen eszenatoki gogorrenarekin topatzea aurreikusten genuen. Izan ere, azkenaldian inposatutako erreformak patronalarentzat opari bat izan dira. Gainera, sektoreko patronalak, CEBEKen asesoritza zerbitzuak kontratatzen ditu negoziaketarako estrategia markatzeko.

Nahiz eta hau horrela izan, gure helburuak garbi geneuzkan:

  • Patronalaren estrategia menperatzea.

  • Langileei hitzarmenaren aplikazioa bermatzea.

  • Zapatero eta Rajoyren erreformei aurre egitea.

  • Hobekuntzak lortzea, bai soldatetan eta bestelakoetan, lan baldintzak duintzeko bidean.

  • AKORDIOAREN EDUKINAK

Eduki ekonomiko eta sozialak

- Akordioak soldatetan garrantzi handiko igoerak jasotzen ditu:

2014rako: 2013ko erkidegoko KPIa +1= %1,6 ko igoera

2015erako: 2014ko erkidegoko KPIa+0,8a

- 4 orduko lan jardunaren murrizketa, ordaindutako baimen baten bidez.

- Menpekotasuna duten pertsonak zaintzeko ordaindutako baimenaren eta eszedentziaren luzapena.

Zapatero eta Rajoyren erreformei aurre egiten die

-Hitzarmenaren testua ordezkatuko duen beste hitzarmen bat izan arte aplikazio bermea ematen zaio (ultraaktibitate mugagabea).

-Akordioa ez aplikatzeko dauden bideak ixten ditu eta arbitraiaren prozedura soilik, bi aldeek nahi izanez gero erabili ahal izango da.

-Mugikortasun funtzional eta geografikoa: Ezingo da lekuz aldatu edota aldaketa funtzionalik egin bi aldeen akordiorik gabe.

-Malgutasuna: Zuzendaritzak ezingo du unilateralki lan egutegia aldatu.

-Absentismoa: Zuzendaritzak ezingo du langile bat bajan egoteagatik kaleratu.

Adostutakoaren aplikazioa bermatzen du

Lan eta negoziazio kolektiboaren erreformen ostean, soilik, enpresako hitzarmenak bermatzen du adostutakoaren aplikazioa. Bizkaiko adinekoen kasuan salbu, non zerbitzuaren arduradun eta ordaintzaile denak, alegia Bizkaiko Foru Aldundiak, enpresak lan baldintzak aplikatzera behartu dituen. Mobilizazioa eta Foru Aldundiari interpelazioa erabakigarriak izan dira, ELAk proposatutako testua oheen konzertazio pleguetan barneratu eta horrela, egoitza guztietan sektorean adostutako lan baldintza minimoak aplikatzeko.

  • LORTU DUGU

Beraz, akordio honek negoziaketa honetan genituen helburuak erdiesten ditu: erreforma lan zentroetan sartzea galarazi eta orain arteko lan baldintzak mantendu eta hobetzen ditu, eta bere aplikazioaren bermea, Bizkaiko Foru Aldundiak enpresa pribatuekin oheak kontzertatzeko erabilitako prozedura bidez jasota gelditzen da.

Gainera, CEBEKek markatutako estrategia menperatzea lortzen dugu, alegia, erreforma aplikatzea eta langileen lan baldintzak okertzea (eros ahalmena gutxituz).

  • BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK DAGOKION ARDURA ONARTU DU. ELAk, garbi izan du eta urteetan zehar hala salatu du, adinekoen zentroetako lan gatazkaren oinarria zaintza zerbitzua pribatizatzeko erabaki politikoan dagoela; alegia, langileen lan baldintzen okertzea ekarri du honek, enpresarien mozkinak handitze aldera, honek zerbitzuaren kalitatearengan izan duen galerarekin batera. Zentzu honetan, orain arteko foru gobernuek gatazkaren arrazoia langile eta enpresarien arteko gatazkan kokatu izan dute, euren ardura ekidituz. Aldiz, egungo foru gobernuak, ELAren interpelazioa kontutan hartuz, bere gain hartu du zerbitzuaren ardura eta bertako langileen lan baldintzak hobetu eta mantentzearena, kalitatezko zaintza zerbitzua mantendu eta hobetzeko. Horrela, Diputazio honek enpresa pribatuekin oheak kontzertatzeko erabiltzen duen prozeduran, hitzarmenaren aplikazioa bermatzen du. ELAk BFAren jarrera aitortu eta positiboki baloratzen du.

  • URTEETAKO BORROKAK BALIO IZAN DU ETA HORRETAN JARRAITUKO DUGU. Ezaguna da, ELAk urteetan eta azkeneko boladan Bizkaiko adinekoen zentroetan burututako greba eta mobilizazioen oihartzuna. Ez dira alferrik izan hauek eta atzetik etorri diren erreforma eta murrizketei aurre egiteko, burutu ditugun greba orokorrak. Mobilizazio hauek amankomunean zenbait osagai izan dituzte: patronalaren mehatxua borrokatzeko prest egon diren langileeenganako eta ELAren bakardadea. Gainontzeko sindikatuak ez dira mobilizazioetan egon eta patronalaren bozeramaile izan dira borrokatu dutenak desakreditatuz.

Baina borroka hau ez da bukatzen hitzarmena sinatuta, borrokatzen jarraitu behar da lortutako hau aplikatzeko eta aukera dugun lekuetan hobetzeko, bai enpresa akordio eta enpresako hitzarmenen bidez. Mobilizazio eta borroka hauen adibidea da Mungiako San Jose Etxe Alain lortutako akordioa; soldatetan sektoreko hitzarmenean adostutakoaren gainetik 1,2 puntuko soldata igoera eta IT egoeratan %100eko osagarria eta 2 egunetako lanaldiaren murrizketa lortu baitute.