Urtzi Martinez eta Jon Telletxeari ezarritako espetxe zigorra gehiegizkoa dela uste du ELAk, eta ez dadila gauzatu eskatu du
Urtzi Martinez eta Jon Telletxeari bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete desordena publikoen delitu bat, eta bi faltagatik: kalteak eragitea eta ondasun higiezinak zikintzea. Bilbon gertatu ziren guztiak 2012ko martxoaren 29ko greba orokorreko manifestazioan.
ELAk kritikatu zuen bere garaian talde antolatu batzuk gehiengo sindikalak deitutako manifestazio baketsuaz baliatu zirela, beste helburu batzuk lortzeko. Ekintza hauetan hainbat manifestarik bi ertzain larriki erasotu izana ere gaitzetsi zuen.
Hasieran Fiskaltzak 14 urteko espetxe zigorra eskatu zuen auzipetuentzat, bi ertzaini eragindako lesioak medio. Lesio delitu honi dagokionez Urtzi eta Jon errugabetu egin dituzte, froga ezagatik.
Bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra desordena publikoen ondorio da: “Justizia Jauregi barrura jaurtitako ke-pote eta bengalak eta eraikin bereko fatxadan sprayekin egindako pintadak”.
Auzipetuei ezarritako zigorra erabat itxuragabea da, eta estatu guztian zehar ekintza sindikala kriminalizatzeko hasita den kanpainaren baitan dator.
Horregatik, ELAk eskatzen du Urtzi Martinez eta Jon Telletxeari ezarritako zigorra bertan behera gera dadila eta espetxeratzea ez dadila gauzatu.