AITA MENNI ARRASATE

USAE eta SATSE sindikatuek, gutxiengoa izanik, eros ahalmena bermatzen ez duen hitzarmena sinatu dute

2023/05/22
ELAk bi sindikatu hauek enpresa batzordean sartu direnetik langileen gehiengoaren bizkar hartu duten jarrera antidemokratikoa salatu eta hitzarmenak dituen atzerapausoak konpontzeko eskatu du

Pasa den apirilaren 27an Aita Menniko hitzarmena sinatu zuten enpresak eta USAE eta SATSE sindikatuek gutxiengoan. Enpresa batzordean 17tik ELAk 9 ordezkari ditu, gehiengo absolutoa izanik, USAEk 6 eta SATSEk 2. Sinadura hau negoziazio mahaitik kanpo egin dute, ELA bertan egotea oztopatuz.

Langileek, azken 4 urte hauetan 40 greba egunetik gora eta hainbat eta hainbat mobilizazio eta manifestazio egin dituzte, enpresaren aurrean, herrian bertan, baita Eusko Jaurlaritzaren aurrean ere. Izan ere, Gipuzkoan Osakidetzak Osasun Mentaleko ospitale publikorik ez duenez, zerbitzu publiko hau ematen duen ospitalerik handiena da Arrasateko Aita Menni.

ELAk salatu nahi du USAE eta SATSEren jarrera negoziazio honetan. Pasa den abenduan egindako hauteskunde sindikaletan aurkeztu ziren lehen aldiz enpresa honetan, negoziazioa eta langileen borroka aspalditik hasita zegoelarik. Sindikatuok eros ahalmena berreskuratuko zuen hitzarmen baten konpromisoa hartu eta elkarlana horretan oinarritu bagenuen ere, bi sindikatu hauek enpresak mahaian egindako lehen eskaintza onartu eta gutxiengoan sinatu dute. Gainera, langileen batzordearen gehiengoa errespetatu gabe aurrera eraman zituzten bozketetan langile guztiek parte hartzeko aukerarik ez dute izan.

Sinatutako hitzarmenak, 2023rako %3, 2024rako %3, 2025erako KPI eta 2026rako KPIa jasotzen du, eta urte hauetako soldata igoera hauek eman den KPIaren azpitik baleude, KPIaren %60ko eguneratzea izango du. 2025erako, lanaldia 35 ordura jaitsiko dute.

Izaera honetako hitzarmen batek jaso ezin dituen artikulu batzuk dauzka, baita lehendik langileek zituzten eskubide batzuen okertzea ere, haurdunaldia eta geroko edoskitze edo hautu libreko egunetan besteak beste.

Beraz, ELAk gutxiengoan sinatu duten hitzarmenaren sinatzaileei, legez mota honetako hitzarmen batek erregulatu ezin dituen artikuluak erretiratu eta atzerapausoak sartu dituzten artikuluak zuzendu ditzatela eskatu dio, eta borrokan jarraituko du.