Ustelkeria sistemaren osagai esentziala da

2013/07/30
Ustelkeria sistemaren osagai esentziala da
ELAko idazkari nagusiaren hitzetan Estatuan nagusi den ustelkeria giroa ez da “bakana, jokabide sistematikoa baizik". Adolfo Muñoz "Txiki"ren iritziz Rajoy Kongresuan agertzea antzezpen baten atala besterik ez da.

ELAko idazkari nagusiak esan du Estatuan nagusi den ustelkeria giroa ez dela “bakana, jokabide sistematikoa baizik; hor datza krisiaren beraren sorrera eta politikatik justiziaren eta berdintasunaren aldeko ekintzak desagertu izana ere bai. Hazkunde urteetan alderdi politiko batzuk kapitalaren nahiak aseh zituzten, desarautuz, finantza publikoak deskapitalizatuz eta burbuila immobiliarioa puzten ari zenik ukatuz”. Muñozen ustez, ustelkeria politikoa da gertatzen denaren azalpena: “enpresa jakin batzuk eta finantza-botereek gobernuak erosten dituzte, hauek haiei komeni zaien politika egin dezaten. Horixe ari da gertatzen”.

Ezin da ondoriorik atera alderdien finantziazioa sakon aztertu gabe. Arazoa ez da soilik pertsona batzuk aberastea Administrazioan edota agintean dagoen alderdian duen postua medio; benetako auzia da jokabide ustel horiekin egiten direla esleipenak, pribatizazioak, beharrezko ez diren lan publikoak, zergak barkatzeko lege aldaketak... Hori guztia enpresa horiek itzelezko etekinak lor ditzaten”, dio ELAko idazkari nagusiak.

Txiki Muñozek ohartarazi nahi izan du Europar Batasunak (EB) ustelkeriari dagokionez ez duela ezer egiten. “Ustelak kapitalarentzat erabilgarri diren bitartean, politika antisozialak ezartzen dituztelako, EBtik inork ez die kargu hartuko. Zinismoa izugarria da, EB zein estatuetako gobernuetan: Gobernuen gaineko presioa ezin da arindu, kapitalak nahi dituen erreformak egiten jarrai dezaten. Horretxetan ari dira”.

Pairatzen dugun krisi politikoak ez dauka aurrekaririk. Elite ekonomiko eta politiko batzuk erabakitzen dute zein politika egin; parlamentuak ezdeusak dira; alderdi gehienak amore emanda daude; fiskalizatu beharko luketen erakundeek ez dute funtzionatzen... Gauzak horrela, zoritxarrez, naturaltzat ikusten da bizitza politikoaren erregenerazioa ezinezkoa izatea”, esan du Muñozek.

ELAko buruaren arabera, “hustelkeriak jotako alderdiek espero dute denbora joan ahala jendeak hau ahaztea eta presioa arintzea. Baina ez soilik hori. Gainera sistema judizial espainiarrak ere -bere independentzia hutsaren hurrengoa izanik- laguntzea nahi dute, inplikatuta dauden pertsona eta erakundeentzat erabateko inpunitatea bermatzearren; auzibideak preskribitzea espero dute; taxuz hasitako jardunbide judizialak deuseztatzea; forudunei epaile adiskideren bat egokitzea... Auzibide penal bat azken muturreraino eramatea, egoera dena dela izanik, oso lantegi gaitza da”.

Muñozek argi utzi nahi izan du kontua ez dela amaitu. “Abuztua pasata, ustelkeria babesten duten horiek beste pentsioen erreforma bat ezarriko dute, kupidagabea izango da. Gutxieneko demokratikoak betetzen dituen estatu batean pertsona horiek ez lukete bat ere legitimitaterik izango politikan jarraitzeko; kanporatu egingo zituzketen. Ustelkerian murgilduta dauden alderdi horiek berak, bankuei (beren lagunei, alegia) emandako 36.000 milioi euroak galdutzat jo dituztenak, esango digute pentsioen sistema publikoa mantendu ezinekoa dela; enplegua eta soldatak txiki-txiki eginda uzteko erreforma laborala ezarri duten horiek argudiatuko dute enplegurik gabe eta soldata txarrekin ezin direla pentsioak ordaindu. Hau beste gezur bat izango da, pentsioen arloan eraiki nahi duten negozio erraldoia justifikatzea beste helbururik ez duena”.

Zergatik, dio Muñozek, daude hainbeste gobernuetako kargu ohi bankuetako, enpresa elektrikoetako, energia eta komunikazio munduko aulkietan? Zer meritu pilatu dute postu horietan egon direnean enpresek hain tratu ona emateko? Politika egiteko era hau, dio ELAko idazkari nagusiak, nardagarria da eta larrutik ari gara ordaintzen ikuspuntu sozialetik begiratuta”.