Usurbilen atzo izandako lan istripu larria salatzeko elkarretaratzea

2015/10/21
ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek gaur, urriak 21, eguerdiko 12:00etan Usurbilgo Atallu industrialdean elkarretaratzea egin dute herenegun izandako lan istripu larria salatzeko.

Arratsaldeko 16:30ak aldera 56 urteko eta jaiotzez Zumarragako langile autonomoa Usurbilgo (Gipuzkoa) Atallu industrialdeko Akaba enpresan lanean zebilela aldamiotik erorita hil egin zen herenegun. Azken heriotz honekin gutxienez 36 lirateke HEHn 2015 lan istripuen ondorioz hildakoak, hauetatik 10 Gipuzkoan.

Lehenik eta behin hildakoaren senitarteko eta lankideei gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu, azken lan-istripu honen ondorio beltzen harira gure haserre eta kezka bizia erakutsi nahi dugun aldi berean.

Argi dago lanean gertatzen diren heriotzak ez direla gertaera isolatu edota zorte txarraren ondorio, baizik eta lan-baldintzen etengabeko prekarizazioa eragin eta neurri handienean langileriak pairatzen dugun lan-ezbehar konpuru onartezin honen agerpena dakarren lan-harreman eredu honen ondorio garbia direla.

Horretaz gain, azken boladan gertatutako lan-ezbehar kopuruaren handitzea langileok inolaz ere sumatzen ez dugun balizko berrindartze ekonomikoari lotu nahi izatea guztiz onartezina iruditzen zaigu, are gehiago patronalaren esparruetatik berrindartzearen aurrean handitze hau onartzera behartuta gaudenaren baieztapenak egiten direnean.

Zentzu horretan, EAEko Gobernuak iragarritako murrizketek izango duten eraginaren aurrean gure kezka adierazi nahi dugu, kontuan hartzekoa baita azken urteetan Lan-Osasun eta Segurtasunean ardura duten erakundeen ekintzak eta hauetara bideratutako errekurtsoak goitik-beherra etorri direla. Hala eta guztiz, Osalan eta Lan-ikuskaritzari beraien ardurak bete eta lan-istripu honen arrazoiak eta ondorioz leudeken balizko ardurak argitzeko ikerketa sakona egiteko eskatzen diegu.

Era berean, Gasteizko Gobernuari ezbehar kopuruaren handitzea geldiarazteko berehalako neurri eraginkorrak hartzeko eskatzen diogu, honen jatorrian kokatzen diren lan-prekarietateari lotutako faktoreei mugak jarriz (kontrolik gabeko azpikontratazioa, behin-behinekotasuneko kontratazioa, lanegun bukaezinak, lan-erritmo jasangaitzak, ...), eta Lan-osasun eta segurtasunari dagokionean enpresen gaineko kontrola areagotuz.