Usurbilgo INGEMAReko langileek deslokalizazio-saiakera geldiarazi dute

2016/12/01
Usurbilgo INGEMAReko langileek deslokalizazio-saiakera geldiarazi dute
Usurbilgo INGEMAReko Enpresa Batzordeak jakitera ematen du, bost hilabeteko greba egin ondoren, akordio bat lortu dela taldeko zuzendaritzarekin, lantegiaren iraunkortasunari begira.

Langileen Batzordearen Agiria:

Lorturiko akordioaren arabera plantillan 51 langilek jarraituko dute lanean, bideragarritasun-plan bat gauzatuko da —Usurbilgo ekoizpen-jarduera ziurtatzeko—, akziodunen batzak kapital-gehikuntza bat onartuko du, eta herri-erakundeek esku hartuko dute proiektuan.

Langileok bagenekien egoera oso zaila zela (2015eko abenduan enpresaren itxiera prestatzen ari ziren), baina ez genuen horregatik etsi. Gu sinetsita geunden INGEMAR, S.A. bideragarria zela ekoizpenaren aldetik, arazoak kudeaketaren eta antolaketaren arlokoak zirela. Ez genuen onartu, inoiz ere, enpresaren itxiera, ezta industria-jarduera bukatzea ere. Horregatik, ekainaren 6an greba mugagabe bati ekin genion, eta azaroaren 18ra arte luzatu da, helburu bakar bat genuen gogoan: bideragarritasun-plan bat adostea, Usurbilgo lantegiari egonkortasuna ematearren.

Ia plantilla osoak eutsi dio grebari, horrek airean eduki du taldearen jarduera, eta enpresak azkenean proposamenen bat jarri behar izan du mahai gainean. Emaitza akordio on bat izan da, plantillak ontzat hartu duena. Orain lasai egon gaitezke berriz ere.

Enpresa Batzordeak, 5 ordezkariz osatutakoak (4 ELAkoak eta LABeko 1), argi eta garbi esan nahi du oraingo plantillaren borrokari eta irmotasunari esker jarraitzen duela INGEMAR Usurbilen. Izan ere, industria-jarduera bertan behera uzteko mehatxuaren aurrean, lozorroan eta egonean geratu beharrean, etorkizunaren aldeko borroka egiteko erabakia hartu zen.

 

Usurbilgo INGEMAR, S.A.ko langileen borrokak erakutsi digu non dagoen giltzarria enpresen deslokalizazio-saiakerak geldiarazteko, enpresarien erabakiak aldatzeko eta gure industria-sarea mantentzeko.

 

Hala eta guztiz ere, ibili beharreko bidean geratzen zaigun tartea luzea da oraindik. Hori dela-eta, Enpresa Batzordea adi egongo da, eta jarraipen estua egingo du, eraginpeko alderdi guztiek itundutako baldintzak bete ditzaten.