UTE Donostiako Garbiketa-ko langile bat ondoezik sentitu ondoren hil egin dela salatzen du ELAk

2021/08/13
Laneko prekarietatearen hedapenak eragin berezia du urtero arrazoi "ez traumatikoek" eragindako heriotzen kopuru handian

ELAk jakin ahal izan duenez, Donostiako Garbiketa (FCC-Serbitzu Elkartea) ABEEko langile bat (M.S.L) atzo hil zen, Donostiako kaleko garbiketan gaueko zerbitzuan lanean ari zela ondoezik sentitu ondoren. ELAk, enpresan ordezkaritzaren gehiengoa duenak, biktimaren lankide eta senideei babesa eman nahi die, eta laneko ezbehar-tasa handitzearen aurkako mezua bidali.

ELAk salatu nahi du 2021ean honez gero 39 pertsona hil direla lan-istripuan Hego Euskal Herrian, horietatik 7 Gipuzkoan. Ukaezina da lan-erreformek lan-baldintzak okertu dituztela, eta azpikontratazioa, besteak beste, langileen segurtasunaren kontura etekinak handitzeko erabiltzen dela. Horregatik, ELAren iritziz, laneko prekarietatearen hedapenak eragin berezia du arrazoi ez-traumatikoen ondorioz (istripu kardiobaskularrak, infartuak, etab.) urtero ematen den heriotza kopuru handian.

Horren aurrean, ELAk lan-ezbeharrak desagerrarazteko enpresetan antolatzera deitu nahi du, eta UTE Donostiako Garbiketa-ko Enpresa Batzordeak datorren astearterako, abuztuak 17, 13etan enpresaren instalazioen aurrean hildako langilea gogoratzeko deitutako kontzentrazioan parte hartzera animatu (27. poligonoa, Ubarburu Ibilbidea 10, 20014 Donostia, Gipuzkoa).