UTE TMB Arraiz, Bizkaiko hiri-hondakinen enpresako langileek greba hasi dute

UTE TMB Arraiz Enpresa Batzordeak apirilaren 1ean salatu zuenez, Pabisa, Valoriza (Sacyr), Garbiker eta Bizkaiko Foru Aldundia gehiago arduratzen dira gutxieneko zerbitzuak arautzen, gatazkaren konponbidea bilatzen baino.
Azkenean Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak arautu dituen gutxieneko zerbitzuek greba-eskubidea urratzen dute. Enpresa Batzordearen ustez lantegiaren jarduera ez da funtsezkoa gizartearen ongizaterako, eta beraz ez du ulertzen zergatik ezarri behar diren gutxieneko zerbitzuak.
Lantegiaren jarduera ez da herriz herri zarama biltzea, Bizkaiko hiri-hondakinen zati bat erreziklatzea baizik. Beraz, TMBren lana gizartearentzat funtsezkoa dela esatea, eta lantegi hori geldituz gero herritarren funtsezko eskubideak urratzen direla esatea lantegiko langileen greba-eskubideari aurrez aurre eraso egitea da. Hori hala izango balitz, zer gertatzen da Arabako eta Gipuzkoako herritarren eskubideekin? Lurralde horietan ez baitago gurea bezalako plantarik. Zer gertatzen zen Bizkaian 2013. urtera arte, gure lantegia inauguratu zen urtera arte? Nondik nora urratu ziren herritarren eskubideak 2013an, Q sukarraren agerraldi bat zela-eta instalazioak bi hilabetez gelditu behar izan zirenean?
UTE TMB Arraiz lantegian funtsezko jarduera bat egiten bada, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak egunero urratzen dituzte funtsezko eskubideak, herrialde guztietan antzeko plantak ez izateagatik, eta Bizkaiko hondakin guztiak lantegi horretara ez eramateagatik.
Hori gutxi balitz bezala, gutxieneko zerbitzuen aginduaren arabera lantegiko 120 langileetatik 40 dira bete beharreko gutxieneko postuak txanda bakoitzean. Kopuru hori benetan harrigarria da, zeren postu horiek gehiago dira, egunero betetzen direnak baino.
Eusko Jaurlaritzaren gutxieneko zerbitzuen agindua benetako zapalkuntza da greba-eskubidearen aurka; hori dela-eta, helegitea prestatzen ari gara. ELAren ustez berriro geratu da agerian herri-erakundeen jarrera, oraingo honetan Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera, beti lerratzen baitira enpresetara, langileak bazter utziz. Kasu honetan bazter utzitako langileak UTE TMB Arraiz enpresako gizon-emakumeak izan dira, helburu bakarra lan-baldintzak hobetzea badute ere.
Baina UTE TMB Arraiz plantillak, amore eman beharrean, grebari ekin dio, %100eko sostenguaz, borroka izan baita geratu zaien irtenbide bakarra.