Utzarazpenen aurrean premiazko neurriak eskatu dituzte hamabi elkarte eta sindikatuk

2010/05/27
Hamabi elkarte, plataforma eta sindikatuk protesta-ekintza egin dute maiatzaren 27an Bilboko Arte Ederren Museoaren parean, Etxebizitzako Behatokiak antolatu dituen Gardentasuna etxebizitza politiketan jardunaldien hasieran.

Hitz gutxiago: maizter-kaleratzeen aurkako ekintza gehiago lelopean, gizarte-mugimenduek Gurutze-Bidea antzeztu dute, azken bi urtetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan etxetik kaleratuak izan diren 3.500 familiek bizi duten egoera larria irudikatzeko. Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritzari kritika egin diote, “kale gorrian geratu direnentzat neurrik hartu ez duelako, eraikitzaileentzat erreskate planak abiatu dituen bitartean”.

Gurutze eta zartailuekin, manifestariek maizter-kaleratzea jasan dutenen kalbarioa antzeztu dute. Azaldu dutenez, “egoera hori azken urteotan martxan jarri diren etxebizitza politiken emaitza da”. Bozeramaileen hitzetan, “urte hauetan zehar, administrazio eta gobernuek (estatu, erkidego eta udal mailan) garapen ekonomikoko elementu gisa ulertu eta erabili izan dute etxebizitza, eskubide bezala aitortu beharrean, eta den-dena norabide horretan diseinatu dute: lurzoruaren legeak, politika fiskal eta ekonomikoak, etxebizitza babestuen eraikuntza eta salmenta politika eta hirigintza”. “Eta, hori guztia –diote- sustatzaile eta eraikuntza-enpresen onurarako, bai eta zerga bidez diru-kutxa publikoak gizentzeko ere”.

Politika horiek “azken urtetan eman duten fruitua denok ezagutzen dugu: esaterako, hipoteka eta alokairuen ordainketa izugarriekin itotako milaka familia, duintasunez eta nahi dutenean emantzipatu ezin diren gazteak, eraikuntza-enpresen diskriminazioa jasaten duten etorkinak, gure herri eta hirietan dauden milaka etxebizitza huts eta artifizial bilakatu diren ehundaka hektarea”. Testuinguru “ilun” horretan , “iritsi da eguna zeinetan burbuilak eztanda egin duen, eta, orduan, zorpetze itogarri edo alokairu izugarriak zituen jendeak ezin izan die aurre egin gastu horiei eta maizter-kaleratzera kondenatuak izan dira”.

3.000 utzarazpen baino gehiago
Gizarte eragileek eman dituzten datuen arabera, krisiak eztanda egin zuen urtean –2008an, alegia–, aurrekoan baino maizter-kaleratze kopuru bikoitza agindu zen. Zehazki, 2008an 1.436 utzarazpen egon ziren (451 Nafarroan eta 985 EAEn) 2007ko 762en aurrean (178 foru-erkidegoan eta 584 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan). Zifrarik beltzena 2009an iritsi zen, 1.255 kaleratzerekin Euskadin eta beste 738 agindurekin nafar-erkidegoan. Guztira, 3.500 hiritarrek galdu dute etxea, ezin izan diotelako hipotekari aurre egin.Baina krisiak ez die bakarrik zorpetutako pertsonei kalte egin. Alokairuan bizi direnek ere utzarazpenak pairatu dituzte. Estatistika ofizialik ez dagoen arren, alokairu-kontratuekin lotuta dauden epaiketek pistaren bat ematen dute: 2007 eta 2008a bitartean, %20an igo zen epai-kopurua, gizarte-mugimenduek eskaini dituzten datuen arabera. “Hori gutxi balitz –diote– Gobernuak ‘Desahucio exprés’ bezala ezagutzen den legea onartu du, eta arau horrek errentariak kalean uztea errazten du: hutsik dauden pisuak alokairuan irten daitezen aitzakiarekin, jabeak babesten ditu, maizterrak baino gehigo”.

Bozeramaileen hitzetan, “onartezina da Administrazioa bankuen ‘erreskatea’ korrika abiatzea (baliabide-publiko kopuru izugarriarekin) eta, ordea, etxea galdu dutenen alde ezer ez egitea”. “Panorama ilun hau” argitzeko, Lópezen gobernuari salbuespenezklo neurriak eskatu dizkiote, hala nola “ordainketak burutu ezin dituztenentzat luzamenduak ezarri”.

“Eredua aldatu behar da”
Egoeraren araberako neurri puntualez gain, eragile sozialek hausnarketa sakona eskatu dute ere, “orain arte ibilitako zentzurik gabeko bidea birplanteatzeko”. Bere iritziz, abiatu diren Etxebizitza Itunak eta Plan Zuzendariak, orain arteko norabidea aldatu beharrean, “eredu zaharrean sakontzen” dute; alegia, “sektore pribatuaren interesen alde egiten dute”. Zehazki, Eusko Jaurlaritzari kritika egin diote “etxebizitza politikak diseinatzeko orduan izaera publiko eta pribatuaren artean dauden produktuak bilatzeagatik”. Izan ere, diote, “neurri horrek eraikuntzaren sektorea birraktibatzea beste helbururik ez du”.

Manifestua honako eragileek izenpetzen dute: ELA, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Cáritas, Elkartzen, Kepasakonlakasa, ESK, Stee-Eilas, LAB, EDE Fundazioa, Ezker Gogoa, Gazteleku eta Berri Otxoak.