Velatia taldeko Ormazabal enpresako kaleratzeak salatzeko elkarretaratzea

2014/04/02
Velatia taldeko Ormazabal enpresako kaleratzeak salatzeko elkarretaratzea
Gaur goizean ELAko hainbat ordezkarik Velatia Taldeko egoitza nagusiaren aurrean (Zamudioko Parke Teknologikoan) bilkura egin dute Igorreko Ormazabaal lantegitik kaleratu zuten langile bati babesa adierazteko.

Velatia taldeko Ormazabal y CIAk joan den abenduan bost langile kaleratu zituen, hauen produktibitate apala argudiatuz. 41 milioi euroko irabaziak izan zituen enpresa berberak aitzakia zital bat erabili zuen Igorreko Ormazabaleko langileei beldurra sartzeko.

Enpresa talde honek diru arazorik ez duenez, kontziliazio saioan aitortu zuen kaleratzea bidegabea zela eta bidalitako langileen esku jarri zuen zegokien kalteordaina.

Halere, kaleratutako langile batek lehen unetik erabaki zuen Ormazabal-Velatiari aurre egingo ziola beronarpena lortu arte. Goizero, bere bikotekidearekin batera, Velatia taldeko bulegoen aurrean egoten da injustizia hau salatzeko. Ez du onartzen kaleratze bidegabea; azken 16 urteotan lan egin duen enpresa itzultzea besterik ez du nahi.

Oraingoz ez Ormazabaleko, ez Velatia taldeko inork ez da harremanetan jarri langile honekin.

Gaur ELAko delegatuek beren elkartasuna adierazi nahi izan diote, eta argi utzi ez dagoela bakarrik, bere borroka bat datorrela ehundaka langileek daramatenarekin, izan ere, eskrupulurik gabeko enpresarioen diru-gosea medio kaleratu baitituzte; borroka hau irabazi egingo duela aldarrikatu dute bilkura honekin.