Vera kontseilariak Nafarroako Lehen Arretako Larrialdiko Plan murritza inposatuko du
Marta Verak, Nafarroako Gobernuaren Osasun saileko kontseilariak, Lehen Arretako Plan murritz bat inposatuko du, oinarri demokratiko bakar bat ere bete gabe. Langileen gehiengoaren eta 170 udaletxeren aurkako erreforma aurrera eramateko asmoa agertuz (Satse, CCOO, UGT eta Afapnaren gutxiengo babesarekin) eta legez Parlamentuan egin beharreko aurkezpena ez duela egingo iragarriz.
Jakina denez, orain dela urtebete bat, Nafarroako Parlamentuak atzera bota zuen garai hartako erreformaren saiakera, agindu argi bat emanez Marta Verari: berriro proposamen berri bat aurkezteko langileen ordezkarien eta beste hainbat eragileren adostasunarekin. Orduan, Parlamentuak onartu beharko zukeen Lehen Arretako erreforma. Beraz, guztiz kontrakoa egin du Marta Verak, bere eta bere Gobernuaren demokraziaren aurkako jarrera agerian utziz.
ELA sindikatua osasun etxeetan lanean ari da erreformaren aurkako elkarlana eta mobilizazioak antolatzeko ahaleginean, langileen gehiengoak oso modu argian adierazi duelako Veraren inposaketak ez dituela onartuko. Bide batez, lan jardunaldien aldaketagatik ELA sindikatua bide judiziala ere aztertzen ari da.
Azkenik, ELA sindikatuak bere babes osoa ematen dio 170 udalek Parlamentuan aurkezturiko ekimenari, eta oso modu kritikoan hartzen du UPN eta PPren aurkako botoa, zein PSNren abstentzioa, azken finean jarrera honek udalen proposamenaren porrota eragin duelako.