TCC Moventis – Iruñerriko hiri garraioa

Villavesetako batzordeak salatu du Iruñerriko Mankomunitateak ordezkaritza sindikalean esku hartze saiakera egin duela

2026/03/10
Villavesetako batzordeak salatu du Iruñerriko Mankomunitateak ordezkaritza sindikalean esku hartze saiakera egin duela
Langileen ordezkaritzak (ATTU, CCOO, ELA eta LAB) salatu du Mankomunitatea negoziazioetan zein ordezkari joan behar diren inposatzen saiatu dela, eta UGTri saria eman nahi izan diola greba eskubideari uko egitea jasotzen zuen akordio bati babesa emateagatik.

Villavesetako batzordearen gehiengoak (ATTU, CCOO, ELA eta LAB) publikoki salatu du Iruñerriko Mankomunitateak plantillaren ordezkaritza organoaren barne funtzionamenduan esku hartzeko saiakera egin duela. Mankomunitateak esku hartu nahi izan du lan baldintzak negoziatzen diren bileretan zein ordezkari sindikal joan behar diren erabakitzeko.

Mankomunitateak mezu bat bidali zuen bilera horietara nor joan behar zen zehaztu nahian. Hori ez da iradokizun hutsa izan, baizik eta ordezkariak zuzenean inposatzeko saiakera eta enpresa batzordeak berak demokratikoki hartutako akordioa urratzeko ahalegina. Akordio horren arabera, bileretara joatea Lehendakariari dagokio eta, txandaka, bigarren sindikatuari.

Batzordetik gogorarazi dute Mankomunitateak ez duela eskumenik hiri garraioko 600 langile baino gehiago ordezkatzen dituena nor den erabakitzeko, eta jarduera hori autonomia sindikalaren aurkako erasotzat eta plantillarekiko errespetu faltatzat jo dute.

Gainera, bereziki larritzat jotzen dute esku hartze hori UGTri “sari” moduko bat emanez justifikatu izana, greba eskubideari uko egitea jasotzen zuen akordio bati babesa eman izanagatik. Uko hori ordezkaritza pribilegio bihurtzea maniobra onartezina eta sakonki antidemokratikoa da.

Enpresa batzordeak Mankomunitateari exijitzen dio berehala bertan behera uzteko ordezkaritza sindikala zuzendu edo baldintzatzeko edozein saiakera, eta ohartarazi du ez duela onartuko presiorik ezta kanpoko tutoretzarik ere. Era berean, UGTri eskatzen dio batzordean gehiengoz hartutako erabakiak errespetatzeko eta ez dagokion presentzia lortzeko kanpoko erabakietan oinarritzeari uzteko.

Hiri garraioko plantilla “ez da kontrolatzen, ez da manipulatzen eta ez da truke moneta”, eta ordezkaritza sindikala eskubide kolektiboa da, irmotasun osoz defendatuko dena.