"Virtisu ez itxi" lemapean manifestazioa larunbat honetan Zallan

2013/02/23
"Virtisu ez itxi" lemapean manifestazioa larunbat honetan Zallan
Virtisu enpresa batzordeak, ELA eta LAB sindikatuen babesarekin, manifestazioa deitu du gaurkorako, hilak 23, Zallan. Virtisu, egun Enkarterrietako industri enpresarik handiena da eta egoera oso larrian dago.

 

Virtisu —gaur egun Enkarterrik daukan industri empresarik haundiena— egoera larria pairatzen ari da, eta bertako 105 familiaren etorkizuna kolokan dago

Enkarterrik azken urteetan hartu duen joera eta bilakaera denon ezagunak dira: enpresak itxi eta erregulazio-espedienteak ireki, enpresetako langile kopurua gutxitu, enplegua behera eta langabezia gora. Hainbestetan errepikatu diren gertaera horiek ilundu egin dute Enkarterriko gaur egungo irudia.

Jarduera-sektore guztietako enplegu-mailak jaisten ari dira etengabe. Industria-egitura oso ahul dago. Eta horrek guztiak, noski, oso eragin txarra du zerbitzuen sektorean.

Gure eskualdeak arestian egin duen ibilbide ekonomikoa negargarria da. Aspaldian lanpostu ugariak zituzten enpresak itxi dira apurka-apurka, eta gainbehera ekonomikoa ez da gelditu.

Egitura-izaerako gertaera horien aurrean, herri-administrazioek, industria sustatzeko eta egiturak berrantolatzeko, bultzatu dituzten politikak hutsaren hurrengo izan dira; edo, onenean ere, oso eragin laburrekoak izan dira eskualde honetan.

Gaur, Virtisun, 105 lanpostu zuzen daude, eta zeharkako beste batzuk gehiago. Eta denak kolokan daude. Enkarterriko langileen egoera, hau da, bertako biztanle gehien-gehienen egoera oso latza da. Eta oraina latza bada, geroa samingarria da. Hainbat lanpostu suntsitu ondoren, beste enpresa batzuetan ezabatu direnak eta Virtisun ezabatu daitezkeenak, azkenean eskualde honetan ez da langilerik geratuko. Bertako biztanleek ez dute izango non lan egin.

Hori hala balitz, errotik aldatuko litzateke Enkarterriko gizarte-osaera. Behin industria-sarea desagerturik, gure herriak lo egiteko herri bilakatuko dira; eta beraz, Bizkaiko eskualde honek bere nortasuna galduko du.

Enkarterri eztabaida politikoaren erdi-erdian jarri behar dugu, horra hor gure eginbeharra. Desindustrializazioari aurre egin behar diogu, hainbeste lanpostu suntsitzearen aurkako gure oihuak entzunarazi behar ditugu, herri-administrazioei azkar eta taxuz jarduteko eskatu behar diegu.

Horregatik, dei egiten dizugu martxoaren 2ko manifestaziora etortzeko. Zallako udaletxetik irtengo gara, 17:00etan, Gueñesko udaletxerantz.

Ezin dugu onartu Virtisu ere sartzea itxitako enpresen zerrenda luzean, bizirik gaude, eta gure etorkizunaren eta Enkarterri osoaren etorkizunaren alde borrokatuko dugu, gure esku dago nahi duguna lortzea.