Virtisuko langileak Gasteizera martxa egiten ari dira
Virtisuk 105 langile ditu eta azken hilabeteotan behin baino gehiagotan salatu dute bertan behera lagata daudela.
ELAren iritziz egoera hori ez da halabeharrez gertatu. Ospe handiko abokatu-bulegoetatik prestatu eta taxuturiko plan baten ondoriozko egoera da. Izan ere, konkurtso laburtu baten bidez Capelladesko planta esleitu nahi dute, Tradinco, S.A. enpresa estalgarri erabiliz. Plan hori Jofel azpitaldeak aurkeztu du, Virtisuren akziodun bakarra denak. Asmoa funtsean zera da: bezeroak berenganatu, zorra Virtisuren konkurtsoan kitatu, Virtisuko langileak kalean utzi, eta lanean jarraitu, ezer gertatu ez balitz bezala.
ELAren aburuz konkurtsoa iruzurrean egin da. "Sinetsita gaude Jofel azpitaldeak pentsaturiko plana izan dela. Esan behar da, halaber, Jofel azpitaldea Mercapital taldearen kontrolpean dagoela. Gure ustez epaitegian konkurtsorako aurkeztu diren kontuak Mercapital taldearen kontu finkatuak izan beharko ziren, eta ez Mercapitalek eta Jofelek Virtisun eragindakoak"
ELAk salatu du Jofel-ek, akziodun nagusia izanik, Virtisu saldu du, eta Virtisuko administrazio-kontseiluari agindu dio ia 10 milioi euroko zorra barkatzeko. Bestalde, Jofelek beste 16 milioi euro zor dio Virtisuri. Beraz, Jofelek Virtisuri zor diona ordainduko balio, bigarrena ez legoke hartzekodunen konkurtsoan.
Egoera honetan, Bizkaiko aldundiaren papera zalantzan jartzen du ELAk. "Eta Aldundia, non dago? Gauza ezaguna da makineriaren zati bat Aldundiarena dela, eta alokatu ziola; baina guk ez ditugu ezagutzen alokairu-kontraturen baldintzak. Zergatik ez ditu bere gain hartu instalazioak eta makineria? Zergatik zaindu behar ditugu guk?".