Vulcanizados Zuloaga enpresak 65.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko du greba eskubidea urratzeagatik

2022/11/04
Bilboko Lan Arloko 10. zenbakiko epaitegiak uste du enpresak sari bat ordaindu diola plantillaren zati bati greba ez egiteagatik, eta 65.000 euroko kalte ordaina ordaintzera kondenatu du. Vulcanizados Zuloagako langileek ia urte eta erdi daramate greban, lan baldintza eskasak hobetzeko helburuarekin. 2021eko ekainaren 28an hasi zen greba automoziorako piezak egiten dituen enpresan. 40 bat laguneko plnatilla du, eta zuzendaritzak hasieratik urratu du langileen grebarako eskubidea. Izan ere, enpresa estrategia izan da greban zeuden langileak legez kanpo ordezkatzea, eta, horren ondorioz, enpresak 56.000 euroko zigorra jaso zuen maiatzean kalte moralengatik. Orain, kopuru horri beste 65.000 euro zigorra batu behar zaio, ELAk irabazitako epaiagatik.

ELAren demanda baietsi du epaileak. Horren arabera, enpresak 500 euro ordaindu zizkien langileei uztailean, grebaren hasieran, grebarekin bat ez egiteko. Epaiak berak dioen bezala, “ondoriozta daiteke grebaren garapenean intrusiozko erabakia izan zela; izan ere, grebarik egiten ez zuten langileek plus edo pizgarri hori jasotzeaz gain, horrek baldintza bat jar ziezaiekeen: gero grebarekin bat ez egitea, kopuru ekonomiko hori ez galtzeagatik, eta greba egiten ari ziren langileei erreklamazio ekonomiko gisa balio izatea, greba egiteari uzteko. Horrek guztiak esan nahi du greba eskubidearen aurka egin zuela”.

ELAk poztasunez hartu du epaia, sindikatuaren zerbitzu juridikoaren lanaren emaitza dena. Hala ere, egun enpresako zuzendaritzak uko egiten jarraitzen dio negoziaizo erreala garatzeari, eta greba eskubidea urratzen segitzen du.

Horren aurrean, ELAk Vulcanizados Zuloagari exijitzen dio langileen lan baldintzak nabarmen hobetzea ahalbidetuko dion hitzarmen bat serioski negoziatzea eta adostea.