#Apirilak28: “Emakumeek jasaten duten behin-behinekotasun, jardunaldi partzial edo pobrezia handiagoak eragina du beren osasunean, eta horrek beste ikuspegi bat eskatzen du”

2022/04/28
Apirilaren 28an, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, ELAk, prekarietatearen aurkako kanpainarekin jarraituz, emakumeak nagusi diren sektoreek laneko osasunari dagokionez jasaten duten prekarietatean eta lan-arriskuen prebentziorako politiketan genero-ikuspegirik ez egotean jarri du arreta. “Hemen lanpostu arriskutsuak kontaezinak dira. 311.000 emakume lan prekarioetan” goiburuaren bitartez sindikatuak emakume askok beren lanpostuetan jasaten duten diskriminazioa eta prekarietatea salatu du, bai eta horiek ez direla lan-arriskuen inongo ebaluaziotan aintzat hartzen ere.

ELAk formatu bikoitzean ospatu du 2022ko Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna. Lehenik eta behin, barneko trebakuntza-jardunaldia egin da Bilboko Alondegian, eta sindikatuko 400 ordezkari inguruk hartu dute parte. Ondoren, manifestazioa egin dute gehiengo sindikalarekin Moyuatik Kale Nagusiko 85ean dagoen Eusko Jaurlaritzaren egoitzara, eta bertan lore-eskaintza egin diete iaz lan-istripuz hildako guztiei.
Trebakuntza-jardunaldian, Laneko Segurtasun eta Osasun Saileko Leire Herediak laneko segurtasunaren eta osasunaren genero-irakurketa egiteko beharra aldarrikatu du, emakumeek berariaz jasaten dituzten arriskuekin amaitzeko. “Egungo lan-merkatuko lan-banaketa sexualaren ondorioz, gizonezkoak eta emakumezkoak nagusi diren sektoreak sortzen dira. Hori dela eta, arriskuak guztiz desberdinak dira eta modu desberdinean tratatzen dira. Datuek erakusten dute gizonezkoek eta emakumezkoek ez dituztela patologia berberak jasaten, eta ez daudela arrisku berberen mende. Emakumezkoek jasaten duten behin-behinekotasun, jardunaldi partzial edo pobrezia handiagoak ere eragina du euren osasunean, eta horrek azterlan propioak behar ditu”.
Ildo horretan, adierazi zuenez, “gorputz jarrera behartuek, mugimendu errepikakorrek edo/eta kargak eskuz manipulatzeak eragindako arazo muskulu-eskeletikoak; garbiketan, osasunean eta arlo sozio-sanitarioan esposizioarekin erlazionatutako arrisku kimikoak eta biologikoak; laneko antolamendu txarretik datozen eta agintekeria eta jokabide desegokiak sor ditzaketen arrisku psikosozialak, besteak beste, edo lan inguruko emakumeen aurkako indarkeria fisikoa, psikologikoa, sexuala edo sexuaren ondoriozkoa, emakumeek jasaten dituzten arriskuak dira, eta lantokietatik desagerrarazi behar dira”.
Bestalde, Peio Igeregi ELAko Laneko Osasun Saileko arduradunak, lan-istripuan hildako pertsonak gogorarazi ondoren, prekarietateak hil egiten duela azpimarratu zuen. “Kontratua galtzeko beldurrak, prestakuntzarik ezak, azpikontratazioak, hau da, gure bizitza prekarizatzen duten enpresaburuek, hil egiten dute, hil egiten gaituzte”, salatu zuen.
Hori dela eta, besteak beste, sindikatua prekarietatearen aurkako kanpaina egiten ari da, “gure kalkuluen arabera Hego Euskal Herrian dauden 541.600 lan prekarioek hiltzeko arriskua dakartelako”. “Kanpaina hau gauzatzea osasuna zuzenean eta zeharka erdigunean jartzea, eta, aldi berean, emakumeek pairatzen duten prekarietateari lehentasuna ematea ere genero-arrakalei aurre egitea da”, adierazi zuen sindikatuko arduradun horrek.
Bere hitzaldiaren beste une batean, Igeregik azpimarratu zuen lanean hiltzea ez dela zorte txarreko kontua, enpresek eta botere ekonomikoaren zerbitzura dagoen klase politikoak langileen bizitza prekarizatzeko egindako hautuaren ondorioa baizik. “Gaur hipokrisia ariketa asko ikusi eta entzungo dugu. Prebentzioaren, lankidetzaren, inplikazio publikoaren eta beste gezur batzuen garrantziaz hitz egingo digute. Hitz hutsak. Urteak daramatzagu ikuskatzaileen kopurua bikoizteko eskatzen, Europako batez bestekoan jartzeko, baina ez dute egiten, ez dago borondate politikorik”, salatu zuen.
“Horregatik, –amaitu zuen–, politikariek egingo ez dutena, enpresariek egin nahi ez dutena, guk egin behar dugu. Enpresetan eta sektoreetan dagoen prekarietate guztia azaleratu behar dugu, eta esplotatzaileei aurre egin. Horretarako, bihar gure lanpostura itzultzean egin dezakegun ekarpenik onena prekarietatearen mapa osatzea da”, eskatu zien bertaratutakoei.
Barne-ekitaldi horretan, emakumezkoak nagusi diren hainbat sektoretako ordezkariek ere hartu zuten parte. Laneko osasuneko arazo espezifikoen ikusezintasunari buruz duten esperientzia kontatu zuten, eta enpresa askok ezkutatu nahi dituzten jazarpen-egoerak salatu zituzten.
Baterako manifestazioa
Ondoren, ELAko ordezkariak Bilboko Moyua plazaraino joan ziren, eta han LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuekin elkartu ziren. Denak batera manifestaldian joan ziren Eusko Jaurlaritzaren egoitzara, eta bertan, 2021ean lan-istripuz hildakoen omenezko ekitaldia egin zuten.