Xantaia eta inposaketa Osakidetzan

2007/09/18
ELAk ezkor baloratzen du Osakidetzak eta SME sindikatuek lorturiko akordioa. ELAk akordio “muga” edo talde-akordio honen larritasuna eta garrantzia salatu nahi du, negoziazio kolektiboan eta osasun eredu publikoan izango duen eraginagatik.

ELA-Gizalan federazioko idazkari nagusi Izaskun Garikano eta ELAk Osakidetzan duen arduradun Nere Urrestarazu aurkeztu dute balorazioa Bilboko egoitzan eskainitako prentsaurrekoan. Garikanok azpimarratu duenez, "Osakidetzak eta mahaiko %10ak Negoziazio Kolektiboren oinarrizko arauak alde bakarretik puskatzen duen akordioa beste guztiei inposatu nahi die, errespeturik gabe eta fede txarrarekin, negoziazioa hasieratik urratuz. Mahai sektoriala kanpoan utziz, ezkutuan eta gezurretan kolektibo bakar baten baldintzak arautzen dira".

Benetako xantaia

Nere Urrestarazuk Osakidetzak egindako xantaia salatu du. "Osakidetzak errepresentazio sindikalaren %90ari xantaia egiten dio, balizko akordio orokor bat sinatu ahal izateko, akordio honen onespena inposatu nahi dienean beste organizazio sindikalei. Hau da, akordio hau mahai sektorialean sinatu ezean, ez litzateke posible izango beste edukirik sinatzea. ELAk, SMErekin sinatutako akordioaren edukiak ezin ditu bere gain hartu. Itxura eta sakontasunagatik, baina, batez ere, osasun eredu publikoan izango duten ondorio kaltegarriagatik, pribatizatzeko beharrezko diren bidean beste urrats batzuk ezartzen dituelako".